Iturengo Udalak 494.966 euroko aurrekontua izanen du aurten

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 27a

Kopuru horretatik %42a inbertsiotara bideratuko da, 211.000 euro inguru.

2008an 494.966,12 euroko diru sarrera eta irteerak izanen ditu Iturengo Herriko Etxeak, udalak berriki onartutako aurrekontuaren arabera. Gastuei dagokionez, hauek dira kapitulu bakoitzari dagokiona: langileen ordainsarietan 35.940,06 euro, ondasun arrunta eta zerbitzuetan 84.861,51 euro; finantza-gastuetan 16.057,22 euro; transferentzia arruntetan 109.503 euro; inbertsioetan 211.009,92 euro; kapital transferentzietan 6.000 euro, eta azkenik, finantza-pasiboak deiturikoetan 31.594,41 euro. Beraz, inbertsioetan aurrekontu osoaren %42 inguru joanen da.

Mendaurko pista konpontzea

Inbertsio nagusiak aipatzekotan, handiena mendiko lanetan joanen da, Mendaurko pista konpontzeko 115.000 euroko inbertsioa aurrikusi baita; hirigintza plangintza berria idazteko 40.000 euro erabiliko dira eta argindarraren transformazio zentroa tokiz aldatzeko 32.000 euro gastatuko dira. Gainerakoak lan ttikiak izanen dira.

Diru-sarrerak

Diru-sarrerei dagokienez, 294.260 euro Udalak Nafarroako Gobernutik hartuko dituen diru-transferentzietatik osatuko dira; 92.000 euro zergetatik; 20.330 tasetatik eta gainerako ondareen erabilpen eta aprobetxamendutik.

Aurtizen berriz ere moldaketak

Bertze aldetik, aipatzekoa da Aurtitzen Legarra-Lacoz eraikuntza enpresak ur hornidura eta saneamendu lanak egin zituen bere garaian, 14.348,40 euroko aurrekontuarekin. Baina lanak akitu eta handik guttira arazoak agertu ziren. Kale batzuetako harlauzak altxatuak, areka batzuk desbideratuak… Horren ondorioz, orain moldaketa lanak egiten ari dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun