Nafarroako erretiratu eta pentsiodunei zuzendutako Hirugarren Adinerako Bainuetxeen aurtengo Programarako eskaerak aurkezteko epea otsailaren 28tik martxoaren 18ra irekia egonen da.
Izen ematea otsailaren 28tik martxoaren 18ra
Programa honetan parte hartzeko interesa dutenek, egun hori baino lehenago jo beharko dute beraien eskualdeko Osasun Zentrora edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzura. Programari buruzko xehetasunak leku hauetan edo 012 telefonora deituz eskuratzen ahal da. Baztanen Balleko Etxera joan behar da edo 948 580006 telefonora deitu. Bortzirietan, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera jo behar da edo 948 635036 telefonora deitu. Malerrekako Zerbitzuen Mankomunitatean ematen ahal da izena, 948 451746 telefonoan eta Leitzaldean, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera deituz, 948 510840 telefonora.
Seron, Arnedillo, Fitero eta Elgorriaga
Nafarroako Gizarte Ongizate Institutuak eskaintzen duen programa honetan erretiratu edo pentsiodunek, beraien senar-emazteekin Seron (Zaragoza), Arnedillo (Errioxa), Fitero eta aurten lehen aldiz, Elgorriagako bainuetxetara joateko aukera izanen dute. Guzira 1.988 plaza eskaintzen dira denboraldi honetan. Fiteron izanen dira gehienak, 1.432, hamabi eguneko hamalau txandatan banatuak: egonaldi bakoitzeko 414,70 euro ordaindu beharko dituzte erretiratuek; Seronen 271 leku eskainiko dira, hamar eguneko bortz txandatan banatuak uztailaren 24tik irailaren 29ra eta erretiratu bakoitzak 406,25 euro ordaindu beharko ditu; aurten, berrikuntza Elgorriagako bainuetxea izanen da, 200 plaza eskainiko baititu, 12 eguneko lau txandatan banatuak. Urriaren 13tik abenduaren 5era izanen dira eta honela, balnearioa udazkenerako irekia egonen dela erraten ahal da. Erretiratu bakoitzak 429 euro ordaindu beharko ditu egonaldiarengatik. Arnedillon, azkenik, 85 leku eskainiko dira, hamar eguneko bi txandatan banatuak, irailaren 22tik urriaren 1era bat eta urriaren 14tik urriaren 23ra bertzea.
Azken urteetan bezala, ehun leku gorde dira kasu berezietarako, hau da, beraien diru-sarrerengatik horrelako zerbitzuak ordaindu ezin dutenendako.