Herri galdeketa egitea galdetuko du Pauen Baterak. Iparraldeko departamenduzaleen elkarteak jakin nahi du herritarrek zer dioten eskual departamenduaren sortzeaz. Frantziako dezentralizazio prozesuaren baitan tokiko galdeketak egin ditzakete departamenduetako agintariek. Galdera herritarreri luzatzea galdetuko dio Baterak Jean-Jacques Lasserre Pirineo-Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko presidenteari. Gaia baztertuko balitz, 50.000 sinadura biltzeko prest litzateke Batera instituzio aldaketari buruz egiazko eztabaida gerta dadin.
Batera Plataforma: «Gauzak mugitzeko tenorea da» Batera plataformaren ustez gauzak mugitzeko tenorea da Nicolas Sarkozy Frantziako barne ministro ohiak gan den abenduan Iparralderat egin zuen bisitaren ondotik ez omen baita deus aldatu. Urte bateko isiltasunaren ondotik, Baterak bere boza entzunarazi nahi du berriz euskal departamenduaren gaia ez baita desagertzekotan. Baterak jauzi kalitatiboa eman du berriki Iparraldeko sei kontseilari nagusiren sostengua ardietsi baitu.
Betiko departamenduzazaleei sostengua
Jean-Mixel Galant Abertzaleen Batasunako Baigorriko kontseilari nagusiak dio sozialista, zentrista eta independente batzuen sostenguak indar ematen diela betiko departamenduzaleeri. Banaka mintzatzeko partez, orain denak elkarrekin arituko omen dira Paueko Kontseilu Nagusiko bilkuretan.
Baterak lau aldarrikapenen alde lan egiten du: euskal departamendu baten sortzea, euskararen ofizialtasuna, Iparraldeko laborantza ganbara eta berezko unibertsitate bat Baionan.
Aldarrikapen hauek onak izan daitezkelakoan Senpereko herriarentzat, senpertar ainitzek eta herriko etxeko kontseilari batzuek parte hartu dute maiz Bateraren ekitaldietan eta manifestaldi ezberdinetan.