Sunbillako Ulibeltzak elkarteak kantu zaharren eguna antolatu du azaroaren 20an. Bazkaria eginen da elkartean eta ondotik, arratsalde osoan lehengo kantu zaharrak aditzeko modua izanen da, heldu baitira 60 lagun kantatzera, Eratsun, Baztan eta Iparraldetik. Kantatzen aspertzen direnean berendu-afaria eginen da. Egun horretan bazkaltzera joan nahi duenarentzat txartelak salgai egonen dira Marisol janaridendan azaroaren 6tik aitzinera. Ulibeltzak elkarteko bazkideek bakarrik izanen dute txartel hauek eskuratzeko aukera, 25 euroren truke. Dena den, bazkalondoan elkartera hurbildu nahi duenak kantuak aditzera, ateak zabalik izanen ditu. Ulibeltzak elkartetik eskertu nahi dute Joxe Angel akordeolariak eta Angel Mariezkurrenak besta hau ongi ateratzeko egiten ari diren lana. Egun horretan, gainera, hirutan hogei kantu zahar biltzen dituen liburu txiki bat erosteko aukera izanen du jendeak. Modu berean, elkarteak eskerrak eman nahi dizkie besta hau antolatzeko laguntza eman duten Zaldua argazkidenda, Menditxuri eta Telletxea altzaridendari.
Heldu den urtarrilaren 8an bertso-afaria antolatzeko asmoa du elkarteak Amets Arzallus, Peñagarikano, Estitxu Arozena eta Xabier Silveira bertsolariekin.