Bide segurtasunerako hitzarmena sinatu zuten Udalak eta Mapfre Fundazioak

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 27a

Joxe Irigoien zinegotzia, Cesar Paradelo Mapfrekoa, Ramon Etxebeste alkatea eta Alfredo Zugarramurdi zinegotzia, hitzarmenaren sinadura ekitaldian. TTIPI TTAPA

Doneztebeko Udalak eta Mapfre aseguru etxeak bide segurtasuna lantzeko elkarlan hitzarmena sinatu zuten urriaren 19an Doneztebeko Herriko Etxean. Sinadura ekitaldian izan ziren Ramon Etxebeste alkatea eta Cesar Paradelo Garcia, Mapfre Fundazioko Bide Segurtasunerako Institutuaren izenean. Beraiekin batera, Joxe irigoien eta Alfredo Zugarramurdi zinegotziak ere izan ziren. Ekitaldian aipatu zenez, ikasleen eta gazteen formakuntzan lan egin nahi da, bide segurtasuna denon ardura delakoan. Bi erakundeen ustez, trafiko istripuak lehen mailako arazo soziala dira eta gaur eguneko gizartean heriotz eragile nagusietako bat.

Hitzarmen honekin, ikasgeletan bide segurtasunari buruz ikasleek jasotzen duten hezkuntza osatu nahi da, trafikoaren eta zirkulazioaren inguruko ohitura arduratsuak hartuz formakuntza programa baten bitartez. Ikastetxeetan, irakasle, guraso eta ikasleek bultzatutako ekimenak ere gauzatu nahi dira eta zirkulazioan parte hartzen duten eragile guziak, oinezko, txirrindulari nahiz auto gidariak formatzeko eta kontzientziatzeko kanpainak eginen dira, gisa honetara trafiko istripuak saihestu ahal izateko.

Lehenbiziko ekimen gisara, besoetan, hanketan edo bizikletan jartzeko zinta dizdiragarriak banatuko dira udal bulegoetan, argia ematen dienean dizdira egiten dutenak, iluntasunean ikusi ahal izateko. «Bidebazterrik ez duten errepide hauetan oso erabilgarriak dira» Cesar Paradeloren ustez. Mapfre Fundazioak emandako material gehiago ere banatu da ikastetxeetan, Herriko Etxearen bitartez. Ondotik bertze iniziatibak ere izanen direla aipatu zuten hitzarmena sinatzerakoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun