Eguraldia lagun genuela pasa genuen usategietako igandea eta tenperatura goxoak jendea etxetik atera eta buelta bat ematera lagundu zuen. Denbora batean zuen sona eta entzuterik mantentzen ez badu ere, aunitz dira oraindik egun honen aitzakian Usategietako gaina bisitatzera etortzen direnak. Aurten ere herritar nahiz kanpotar bisitari ugari ikusi ahal izan zen Iarmendiko parajetan. Bertara hurbildu zirenek usozaleak lanean ikusteko aukera izan zuten, nahiz eta pasa handiegirik ez izan sareak bota zituztelako.
Arratsalde partean herrira jautsi zen besta eta Jalisko Band musika taldearekin dantzaldia izan zen. Hauen atsedenaldian urteroko zozketa egin zen. Aurten ere herriko dantzari eta pilotarien alde izan zen bildutako dirua, eta hiru saritik bi banatu ziren. Lehenengo saria herrian bertan gelditu da, Izargiko Alaitz Danborienak 12 usoak lortu zituen bere boletoarekin. Bigarren saria, hau da, Herriko Ostatuan bi lagunentzako afaria 0093 zenbakiari suertatu zitzaion, baina oraindik ez da agertu zenbaki honen jaberik. Eta hirugarren saria Lesakara joan da aurtengoan, Garbiñe Sarasolari egokitu baitzaio kanpin denda. Ainara Arburua Altxata Kultur Elkarteko lehendakariak erran digunez «eguna hagitz ongi joan da, eguraldiak lagunduta jendea bixkorki ibili da eta ostatuan lan handia egin dugu. Bide batez egun hau aitzinera ateratzen lagundu duten guztiei bere laguntza eskertu nahi genieke».