Nafarroako aizkolari txapelketa berriz ere egitarauan

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 27a

TTIPI TTAPA

Floren Nazabal izanen da txapela janzteko faboritoa

Aspaldiko ohitura berreskuratuko da aurten Doneztebeko feria egunaren barnean eta bazkalondoan herri kirol saioa. Joan den urtean pilota partidak izan ziren, baina aurten Nafarroako aizkolari txapelketa nagusiaren finala jokatuko da udal pilotalekuan. Bertan izanen dira Floren Nazabal, Donato Larretxea, Daniel Bizente, Jose Juan Barberena eta Juan Jose Lopez. Etxarri-Aranazen urriaren 3an egindako sailkapen saioan beraiek eskuratu zituzten finala jokatzeko eskubidea ematen zuten bortz txartelak. Hutsune nabarmena izanen da aurtengo finalean. Mikel Mindegia ez da finalean izanen, ez erretiratu delakoz, kanporaketa saioan eri zelakoz baizik eta horren mediku ziurtagiria aurkeztu zuen. Antonio Jaunarena ere eri izan zen aste osoan, baina azkenean kanporaketara agertzea erabaki zuen eta azken postuan sailkatu zen. Beraz, Malerreka eta Leitzaldeko aizkora zaleek bi aizkolari beterano hauen hutsunea somatuko dute.

Doneztebeko finala 17:30etan hasiko da eta aizkolari bakoitzak lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun