Fernando Sarratea. 79 urte, eguraldi begiralea, Donezteben sortua eta bertan bizi dena. Herrian eman zituen 27 urte, baina oraingo Herriko Etxea egin zutenean Amonabila baserrira joan behar izan zuen familiarekin, orduko maizterrek alde egin ondotik. 50 urtetik goiti eman zituen bertan eta duela urte bete Bordatxo dantzalekuaren gainkaldean etxe berria egin eta harat mugitu ziren denak. 20 urte baino gehiago daramazki Fernandok eguraldiaren datuak hartzen Nafarroako Gobernuarentzat. Metereologoa afizioz, inork baino hobeki kontrolatzen ditu eguraldiaren gorabeherak, egunero-egunero etxe aintzinaldean duen tresnarekin tenperaturak hartzen baititu. Ez du bere burua eguraldi gizontzat hartzen, eta ez omen zaio gainera, bihar zer eguraldi eginen duen asmatzen aritzea gustatzen.
Argitu behar da zu eguraldia asmatzen ez zarela aritzen…
Ez, nik aparatu honek ematen dituen datuak eman bertzerik ez dut egiten. Dena den, batzuetan ezagutzen ahal da, hemendik beltz xamarra heldu denean euria heldu dela.
Eguraldia asmatu ez, baina kontrolatu bai…
Eguneko lehendabiziko lana horixe dut, eguraldiak eman dituen datuak begiratzea. Laino baldin bada, hori ere paratu behar dut txartelan, ihintza bada gauza bera edo izotza denean… 7:00etan jeiki eta guttieneko eta gehieneko tenperaturak begiratzen ditut, minima eta maxima, marka gelditzen baita bi termometroetan. Bertze aldetik, euria ere neurtzen da plubimetroan eta dena orri batean apuntatzen da. Urtero 1.200 litro ur inguru botatzen du Donezteben, baina Bera da inguruko herririk euritsuena. Ebaporazioa ere neurtzen dugu, ez dakit garbi zertarako, baina humedadea neurtzeko balio duela uste dut.
Noiz hasi zinen lan hauetan?
1982an hasi nintzen, duela hogeita bi urte. Lehen baserrian nituen tresna hauek eta etxe honetara etorri ginenean, honat ekarri genituen. Niri Nafarroako Gobernuak ordaintzen dit. Datuak hartu eta egunero deitzen dut. Han ez du inork hartzen, han nonbait markatua gelditzen dira datuak, dena zenbakiak dira. Mugairin bada bertze bat aritzen dena, Sunbillan, Lekarozen, Arizkunen… inguru honetako datu guziak igortzen dira. Alaba aritzen da Nafarroako Gobernuarena deika.
Zein izan dira hartu dituzun tenperatura harrigarrienak?
Uda honetan 35 gradu pasatuxeak izan ditugu, baina noizbait 38 gradura ere ailegatu da. Hotzena berriz, zero azpitik bortz gradura ailegatu da aurten eta noizbait hamahiru gradura ere bai. Baserritarra izanik, eguraldia begiratzeko afizioa ere izanen duzu… Bai, belarrak moztu behar dugunean bai behinipein, portzikaso… “Eguraldi ona eginen al du!” erraten dugu, baina asmatu? Telebisioan aritzen direnak ere ez dute beti asmatzen eta guk nola asmatuko dugu bada? Guk baino gehixeago asmatuko dute, seguro!