Momentu honetan logotipo lehiaketan buru-belarri murgilduak daude Burrunba gazte taldekoak. Abenduaren 17a arte irekia izanen da lanak Malerrekako Mankomunitatean aurkezteko epea. Baina etorkizunera begira ere, bertze ekitaldi batzuk antolatu dituzte: «Azaroaren 26an hasita hitzaldi zikloa eginen dugu. Arratsaldeko 7etan zineman drogari buruzko solasaldia izanen da; abenduaren 3an, euskalkiei buruz arituko gara; abenduaren 10ean, arratsaldeko 6etan, inmigrazioari buruz eta abenduaren 17an, ordu berean, sexualitateari buruz».
Maria Bañaresek aipatu digunez, «orain arte egin dugun guzia ongi joan da, prestatutako gauzetan jendeak parte hartu du eta denok gustora gaude. Gazte Burrunba egunean goizez mendira joan ginen, gero bazkaria eta arratsaldean kalejira txarangarekin; bestetako ginkana eta herri bazkaria ere ederki joan zen». Bilerak ortziralero egiten dituzte eta zuzendaritza batzordeko kideak biltzen dira, «hamabortz bat lagun». Bazkide izateko urtean 20 euro ordaindu behar dira.
Heldu den urteari begira egitasmoz gainezka
Maria Bañaresen ustez, herriko koadrila ezberdinak elkartzeko baliagarria izan da Gazte Burrunba taldea: «Orain arte harreman gehiegi ez genuen koadrilek bat egin dugu Burrunban. Doneztebeko koadrila guzietako jendea gaude sartuak eta harremana hobetu da. Herrian ez zen deus egiten eta orain, mugitzen hasi garenean, gazte giroa ere biziberritu da».
Urtea akitzeko arestian aipatutako solasaldiak eginen dituzte, baina heldu den urteari begira ere hainbat asmo dituzte Burrunbakoek: «Bileretan gai aunitz aipatu dira: Sagardo Eguna, perkusio eta sukaldaritza ikastaroak, umeentzako tailerrak eta ekitaldiak, mendi ateraldiak, eskiatzera, antzerki bat egin taldekoek eta gero antzeztu… Asmo aunitz baditugu, ikusiko dugu horietako gehienak gauzatzeko modua dugun».