Doneztebeko ikastetxe atariko iskanbilak

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 27a

Kaixo: Doneztebeko bizilagun bat naiz. Euskaraz pixko bat baino ez dakit, baina horregatik ez nuke Doneztebeko ikastetxeari nere arrenkura agertu gabe utzi nahi. Beno, ikastetxeari ez, ikastetxe atarian sortzen den iskanbila guziari baizik.
Nola uzten ahal dute kotxeak ate ateraino joatea?
Ba al dakite nolako istiluak sortzen diren?
Eta arriskua?
Eta zer erraten didazue autobusei buruz?

Lotsaemangarria da! Lehengo egunean nere aitzinean (eta horrexegatik ausartu naiz idaztera) nere ezagun baten haurra kasik harrapatu zuten… zentimetro gutti batzurengatik libratu zen…
Zer nahi dute, egiaz zerbait larria gertatzea gure kexuak aditzeko eta zerbait egiteko?
Zertarako daude zebrabideak?
Baina ez dituzte errespetatzen eta! Jainkoaren izenean, zergatik ez dira autobusak eta kotxeak haurrak atera eta 5-10 minutu beranduago ateratzen? Zergatik ez da gauza berdina egiten sartzerako orduan? Edo zergatik ez dute norbait jartzen trafikoa arautzen egunean minutu batzuetan? Ez al du horrenbertze balio gure seme-alaben segurtasunak? Badakit irtenbidea zaila dela, baina zerbait egin beharra dago… Eta pentsatzen dut premiazkoa dela guzion artean soluzio bat bilatzea, ikastetxe, guraso eta Udaletxearen artean, hagitz-hagitz arriskutsua baita. Gure seme-alaben biziak aunitz balio du, eta ez dugu zergatik kotxe eta autobusen sarrera eta irteeren beldur egon beharrik. Zerbaiterako balioko duelakoan, agur terdi.

Doneztebeko ama bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun