Malerrekako Agenda 21eko foroaren hirugarren bilkura ortzegunean eginen da Donezteben

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 26a

Otsailaren 12an hainbat arlo izanen zituzten hizpide

Aitzineko batean aipatu bezala, abian dira Malerrekako Agenda 21aren foroak. Hain zuzen, bigarrena otsailaren 12an egin zen eta 30 lagun bildu ziren, hainbat gai lantzeko. Hezkuntzaren inguruan, Doneztebekoa alde batera utzita, herrietako eskola ttikietako ekipamenduetan gabezia nabaria dela azpimarratu zuten bildutakoek, eta eraikin batzuk zaharkituak gelditu direla ere bai. Horrez gain, haurtzaindegiaren eta eskolaz kanpoko ekintzen beharra aipatu zen eta zenbait herritan eskolarik ez dutela. Malerrekan Batxilergorik ez dagoenez, neska-mutilak Lekarozera joan behar izaten dute eta horregatik, derrigorrezko hezkuntza akitzerakoan, mutilek batez ere, lan mundurako urratsa ematen dute.

Osasun eta gizarte zerbitzuak

Osasun eta gizarte zerbitzuen alorraz ere mintzatu ziren. Zenbait herritan —Oitz, Donamaria eta Bertizarana— kontsultategirik ez dagoela nabarmendu zuten, eta daudenetan bitartekoak hobetu behar direla. Horrez gain, adineko jendeak eguneko zentro bat behar duela uste du Malerrekako Agenda 21 Foroak. Osasun Zentroan medikuak falta direla eta larrialdiren bat gertatzen denean, Osasun Zentroaren antolaketari eragiten diola ere aipatu zen.

Kultura, kirola eta euskara

Kultura, Kirola eta Euskara ere aztertu zituzten, eta bertzeak bertze, Kultur Etxerik eta igerileku estalirik ez dagoela azpimarratu zuten. Horrekin batera, herrien artean kultur jardueretan koordinazioa falta dela erran zen. Kirol eta kultur dinamizatzailerik ez dago eta Zerbitzu Mankomunitatetik landu beharko litzateke. Bertzalde, bertako euskararen kalitatea galtzen ari omen da –gaztelerarekin nahasteagatik—, eta zerbitzu publikoek euskaraz lan egiteko aukera bermatzea ere beharrezkoa omen da.

Ortzegunean, ekonomiaz eta kudeaketaz ariko dira Donezteben

Hurrengo bilkura, hurrengo ortzegunean, otsailak 28, eginen da Doneztebeko Erakusketa Aretoan, arratsaldeko 7etan. Ekonomiaz eta tokiko eta eskualdeko kudeaketaz mintzatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun