Xabier Legarreta aranoarra ere Nafarroako bertsolari txapelketaren finalean izanen da

Utzitako argazkiak 2008ko ots. 26a, 15:25

Lekunberriko saioan nagusitu zen eta Iñigo Olaetxeak eta Julio Sotok berdindu egin zuten bigarren postuan

Otsailaren 23an, larunbat arratsaldean jokatu zen Lekunberriko Kiroldegian aurtengo Nafarroako Txapelketako bigarren finalaurrekoa. Xabier Legarreta izan zen irabazlea, eta zuzenean sailkatu da Elizondon martxoaren 15ean jokatuko den finalera. Bere atzetik, Julio Soto eta Iñigo Olaetxea sailkatu ziren, biak berdinduta. Beharbada ezustekorik handiena Joxe Juan Zubieta “Etxabe” lesakarrak eman zuen, bere mailatik urrun ibili baitzen eta finalerako sailkatzeko aukerarik gabe gelditu baitzen. Momentuz, Erika Lagoma eta Xabier Legarreta dira finalean toki ziurtatuta duten bertsolari bakarrak. Eguraldi ona ez zen oztopo izan Lekunberriko kiroldegian bertsozale dezente elkartzeko. Saioak emandakoarekin pozik gelditu ziren berrehun ikusleak.

Bi urteko atsedenaldiak on egin dio Legarretari

Bi urtez Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartu izan gabe, aurten berriro aritzea erabaki zuen Xabier Legarreta aranoarrak eta indartsu ekin dio. Kanporaketatik abiatu behar izan zuen, Iturengoa irabazi zuen eta gauza bera egin du Lekunberriko finalaurrekoan. 2000. urtean Nafarroako txapeldunordea izan zen Aranoko bertsolaria eta aurtengoa marka hori gainditu nahiko du. Hasierako agurrean Legarretak bere dudak plazaratu zituen erranez, hartutako atsedenaldia zer ekarriko ote zion ez zekiela.

Finalaurreko estua

Nolanahi ere, estu joan zen bigarren finalaurrekoa. Hiru bertsolarik lehia bizia izan zuten saio osoan zehar: Legarreta, Olaetxea eta Soto. Azkenean, lehena nagusitu zen, baina tarte txikiz. Bigarren posturako, berriz, berdinketa izan zen, Iñigo Olaetxeak eta Julio Sotok puntuazio bera lortu zuten saioa amaituta. Zertxobait urrunago gelditu ziren beste hiru bertsolariak: Oskar Estanga, Joxe Juan Zubieta “Etxabe” eta Aritz Saragueta. Saioak maila ona eman zuen eta ale politak utzi zituen. Dena den, oro har, puntuazioak lehen finalaurrekoan baino baxuagoak izan ziren. Zortziko handian, gai serioak izateak ez zuen giroa berotzen lagundu, baina gogoeta batzuk entzuteko aukera izan zen. Estangari eta Legarretari aulki gurpildunean ibiltzen diren elbarriak izatea tokatu zitzaien. Haien herrian dituzten oztopoei buruz solasean aritu ziren.

Neurri ttikian, bertso politak

Bigarren ariketan, zortziko txikian, ohi bezala gai alaiak izan ziren, eta sei bertsolariek ideia eta umore ona izan zuten. Autobusean Etxabe aldi oro Saraguetaren ondoan jartzen da, eta lo hartzen burua lagunaren gainean utziz.
Soto eta Estanga bizilagunak ziren, eta astean hirugarren aldiz Sotok Estangarengana jo du gatz eskean. Batek bizian gatza falta zuela zion, eta bertzeak piperra, baina batek gauza astira hartu nahi zituen, bertzeak berriz presaka.
Hamarreko txikian saioko garailea fin ibili zen. Futbol talde txiki bateko entrenatzailea zen. Osasunak Saraguetaren semea fitxatu nahi zuen, eta beregana jo zuen aholku eske baina diruarekin itsuturik dagoeneko lana uzteko prest.
Saioa bukatzeko kartzelako lanean emaginak izatea tokatu zitzaien sei bertsolariei, eta gainera mundura laguntzen zuten lehen haurra. Estanga ospitalean egokitu zen, eta sortu berriaren lehen minutuak azaldu.
Iñigo Olaetxeak, gaineratikoek ez bezala, erditzea etxean egokitu zuen. Originaltasunez jokatzeaz gain, bertso ederra ere kantatu zuen. Lekunberriko saioko puntuazioa honela gelditu zen:
Xabier Legarreta: 327.
Iñigo Olaetxea: 318,5.
Julio Soto: 318,5.
Oskar Estanga: 302,5.
Joxe Juan Zubieta “Etxabe”: 294,5.
Aritz Saragueta: 290.

Hirugarren finalaurrekoa hurrengo larunbatean jokatuko da, Beran

Hirugarren eta azken finalaurrekoa Beran jokatuko da larunbatean, martxoaren 1ean, Kultur Etxean, arratsaldeko 18etatik aitzinera. Honako bertsolariak arituko dira: Jon Barberena, Migel Mari Elosegi “Luze”, Eneko Lazkoz, Jon Elizetxe, Juan Mari Lopez eta Ander Fuentes “Itturri”. Berako saioaren ondotik jakinen dira martxoaren 15ean, Elizondoko Lur dantzalekuan jokatuko den finaleko zortzi protagonistak zein diren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun