Zirikolatz taldea: mende laurden bat eskual dantzaren eta musikaren inguruan

TTIPI TTAPA 2008ko ots. 26a, 15:17
Lehenengo eta gaurko dantzariak Ibarrungo pilota plazan. TTIPI TTAPA

Senpereko eskual dantza taldeak haundizki ospatu ditu 25 urteak

Zirikolatz Senpereko eskual dantza taldeak 25 urte ospatu ditu aurten. Lehen mende laurdena ederki, eta giro ezin goxoagoan, ospatu zuten 400 senpertarrek gan den urriaren 31an. Gers eta Lyon eskualdeetako bi dantzari taldek ere parte hartu zuten ospakizunean. Dantza taldea SPUC herriko kirol batasunaren baitan sortu zen 1972an. Bortz urte berantago Zirikolatz izena eman zioten talde huni. 1979an elkarte gisa sortu zen dantza taldea. Hogoita bortz urtez, milaka senpertarrek parte hartu dute elkarte huntan. Taldeak animazio ainitz egin du herrian eta herritik kanpo. Ihauteriak, besta berri, Herri Urrats, udako ikusgarriak, herriko bestak, ostatuetako eta hoteletako ikusgarriak bezalako animazio andana egin du Zirikolatzek mende laurden huntan. Kanpoan aldiz, ateraldiak, trukaketak eta bidaiak egin ditu dantza taldeak. Horiek guziak gogoratzeko argazki erakusketa bat prestatu zuten Zirikolatzeko sortzaileek. Erakusketa biziki hunkigarria izan zen jende ainitzentzat adixkide ainitzen bilgunea baita Zirikolatz.Goizeko mezaren ondotik, urtebetzeko argazkiak egin ziren lehenengo eta oraingo dantzariekin, eta gero dantza batzuk tarteka eginez, 400 lagunek elgarrekin bazakaldu zuten Ibarrungo Inharrea baserrian. Gaurko dantzariek asmatu duten sorkuntza erakutsi zuten hogoita bortzgarren urtebetetze huntan. Orain arte, betiko dantzak ematen ziren bainan orain sorkuntzaren atea ireki dute gazteek. Zirikolatzek etorkizun aberatsa du beraz bere aintzinean...Urtebetetze eder huntan ideia ainitz sortu omen da eta bortz urteen buruan halako besta berriz egitea aipatu da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun