72 horma-hilobietako bat eskatzeko epea azaroaren 26an itxiko da

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 26a

Bakoitzaren hasierako salneurria 1.500 eurokoa da

Doneztebeko Herriko Etxeak kanposantuan 72 horma-hilobi eraikitzeko asmoa dauka eta horiek eskatzeko baldintzak agertuz alkatetza bandoa karrikaratu da urriaren 27an. Hasteko, Doneztebeko kanposantuan gaur egun inolako hilobirik edo horma-hilobirik esleitua ez duen pertsona edo familiek soilik eskatzen ahal dute kontzesioa. Horma-hilobi bakarra emanen da pertsona eta familia bakoitzeko eta eskatzailea Donezteben erroldatua egon beharko du gutxienez bando hau argitaratu baino lehen.

Herriko Etxeak 72 horma-hilobietako batzuk edo guziak kontzesiora ateratzeko eskubidea gordetzen du. Horma-hilobien kontzesioa modu zuzenean eginen da, beti ere eskari kopurua Herriko Etxeak kontzesioan ateratzeko onartzen duen horma-hilobi kopurua baino txikiagoa edo berdina bada. Eskari kopurua kontzesioan ematen diren horma-hilobiak baino handiagoa bada, berauek esleitzeko Udal Hileta Zerbitzuen Ordenantza Arautzailean xedatutako moduan eginen da. Kontzesioak gehienez 99 urteko iraupena izanen du. Edozein modura, horma-hilobien kontzesiorako Udal Hileta Zerbitzuen Ordenantza Arautzailean xedatutakoa jarraitu edo kontuan hartuko da.

Horma-hilobi bakoitzaren salneurria 1.500 eurokoa izanen da, BEZ barne. Salneurri hau horma-hilobien eraikitze gastuen arabera aldatzen ahal da. Azken prezioan teknikarien ordainsariak, horma-hilonien eskuratze eta instalazioa, iragarkien gastuak eta ezarri beharreko zergak hartuko dira kontuan. Horma-hilobiak ordaintzeko modua eta epeak eskatzaile bakoitzari kontzesioa egin eta gero zehaztuko dira. Interesatuek azaroaren 26ko 14:00ak baino lehen egin beharko dute eskaera, Herriko Etxean eskuragai egonen den ereduari jarraiki.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun