• Edurne Elizondo Berako kazetariak “Itoitz: porlanezko gezurra” liburua argitaratu berri du.
• Egin egunkarian eta Egin eta Xorroxin irratian hasi ondotik Euskaldunon Egunkarian aritu zen Juan del Olmo epaileak itxi zuen arte. Nafarkaria-ko arduraduna izan da hainbat urtez, eta egun, Berriako kazetaria da.
• Bere lehenbiziko liburuan Itoitzen 20 urteko borrokak eman duena ekarri nahi izan du gogora.
Itoitz urtegiaren afera denok segitu dugu hedabideen bidez. Hala ere zuk ez duzu komunikabideek agertutako errealitatea erakutsi nahi izan…
Ez, nik komunikabideetatik kanpo gelditu dena eta egunkarietan lekurik izan ez duena bildu dut liburuan. Batez ere pertsonak dira protagonista, euren testigantzak bildu bait ditut. Jende aunitz 20 urtez urtegiaren baldintzapean bizitu da. Horma horrek goizetik gauera aldatu die bizitza. Hainbat urtez goardia zibilak bijilatuta egon dira, eta orokorrean, urtegiaren inguruan mugitu da euren bizimodua. Hori da liburuko mezu nagusia, pertsona hauen bidez bizipen horiek kontatzea.
Bizipen horiek hagitz hurbila egiten dute liburua. Solidarioak, herritarrak... agertzen dituzu.
Dudarik gabe hurbiltasun gehiago dago liburuan bertze edozein artikulutan baino. Izan ere, euskarri bakoitzak bere arauak ditu eta artikuluetan bistan da ezin zarela pertsonengandik hain hurbil jarri, egunkariak berak horrela eskatzen duelako. Liburuan ordea bai, pertsonengana gehiago hurbildu naiz eta nere iritzia ere gehiago agertu dut. Itoizko Koordinakundearekin, Elkartasun taldearekin, Artozkiko eta Itoizko herritarrekin, Agoizko biztanleekin... jende aunitzen ahotsa bildu dut. Horien artean istorio aski hunkigarriak ere badaude. Gainera izenburutik ikusten da nire ildoa zein den eta gai honi egiten diodan irakurketa.
Zein da izenburuan aipatzen duzun “porlaneko gezur” hori?
Urtegia bera porlanezko gezurra da Nafarroako Gobernuak behar bat bezala saldu digulako. Garapena eta modernitatearekin lotu dute beti eta nik liburuan erraten dut hori gezurra dela. Saltzen digutena negozio bat da, interes berezi batzuen arabera egindako proiektua eta horren gibelean pertsona aunitz dago. Izan ere, urtegi honetaz solasterakoan kontuan hartu behar dugu pertsonak daudela hor, etxerik gabe gelditu direnak. Beraz, horma hori gezur bat da, behartzat saldu digutelako eta azkenean ez delako behar bat. Guk ez dugu Itoitzen beharrik. Batzuk eskuartean duten negozio bat bertzerik ez da Itoitz.
Liburuak kazetari lana, literatura eta kritika biltzen ditu. Hori zen zure helburua?
Egia erran ez nuen asmo edo helburu zehatzik baina jendearekin hitz egiterakoan ikusten duzu denen ahotan dagoela kritika. Gainera, azken kapituluan nere kritika agertzen dut. Hasieran zalantzan egon nintzen eta pentsatzen nuen nire iritzia azaltzea ez zela beharrezkoa, nahiko agerian gelditzen zelako jendearen testigantzekin. Hala ere, azkenean erabaki nuen nere liburua zela eta nire hitz eta gogoetak sartu nituen. Beraz, erranen nuke kritika badagoela eta nabarmena gainera. Eskerrak Sanzek ez dakien euskaraz!