Euskal estiloko arropak

ttipi-ttapa 2008ko ots. 22a, 15:26
TTIPI TTAPA

Gero eta bikote gehiagok erabakitzen dute ezkontza antzinako moduan ospatzea, eta horretarako bilatzen duten arropa ere berezia izaten da. Ez dute nahi ez soineko zuririk ezta gizonezkoen betiko trajerik ere. Izan ere, euskal tradizioa duen arropei begirada bat emateko joera gero eta gehiago ari da zabaltzen.

Jendeak ‘baserritar jantzia’ edo ‘jantzi tradizionala’ entzuterakoan, jantzi bakarra heldu zaio gogora edo aukera gutxi dagoela pentsatzen du. Baina egia erran, jantziak ezberdinak dira garai eta herri bakoitzean, milaka daude. Jostunen artean bi joera ezberdindu daitezke: jatorrizko janzkera originala zehatz-mehatz kopiatzen dutenak eta hain zorrotzak ez direnak eta aldaketak egitea onartzen dituztenak.

Azken hauen arabera, janzkera tradizionala gure kulturaren zati da eta ezin da sinplifikatu herrialde bakoitzarentzat uniformea bilatuz. Orain eta lehen ere, funtzioaren arabera, merkatuak kalitate, prezio eta diseinu ezberdinetako jantziak eskatzen zituen: besta herrikoietarako, ezkontzetarako, dantzarientzako...

Gaur egun, ezkongaiak ez ezik, aitamabitxiak edota gonbidatu guztiak ere joan daitezke euskal estiloko jantzi tradizionalekin ospakizunera. Behin hori erabakita, denda espezializatuetara jo behar da aukera eta aurrekontu ezberdinak ikusteko.

Gipuzkoan normalean, dandar ttikia zuen gona luzea erabiltzen zuten andregaiek. Egunerokoan mantalak erabiltzen bazituzten ere, ezkontza eguneko soinekoan ez zeramaten mantalik. Jantzia beltza izaten zen. Eta noski, buruko zapia atzendu gabe. Izan ere, ezkongabeak zapirik gabe ibiltzen ziren edo, eramatekotan, estanpatua. Ezkondu ondotik zapi zuria erabiltzen zuten. Andregai nahiz gizongaiek ez dute abarkarik jantziko, “euskaldun on bat ez baita inoiz oinetako kaxkarrekin jendaurrean agertuko”.
Nafarroan andregaiek pololoa, gonazpikoa, gona, blusa, korpiñoa, zapia eta jipoia eramaten zuten. Ohiturak zioen bezala, gizongaiak andregaiari gonazpikoa edo gona-gorria oparitu behar zion. Aunitzetan, arreoan eramaten zen gonazpikoa emakume ezkonduen jantzia zelako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun