Orrazkerak eta makillajea

ttipi-ttapa 2008ko otsailaren 22a

TTIPI TTAPA

Aurtengo modaren arabera, ile-bildua eta kolore gehiegirik gabe

Aurreko denboraldian bolumen handiak eta tupeak nagusitu baziren, 2008an, nahiz eta motots klasikoaren bertsio ezberdinak eta adats edo melena solte naturalak ere ikusiko diren, orrazkera bildu tradizionalak nabarmenduko dira.

Aunitzetan motots tradizionala da andregaiari hobekien gelditzen zaiona, ilea eusteaz gain aurpegia agerian uzten baitu. Mantelina edo beloaz gain, apain-orraziek, ile-orratzek edo zintek ukitu berezia eman diezaiokete orrazkerari. Norbere ilearekin egindako apaingarriak ere erabil daitezke, adibidez, txirikorda bat diadema moduan jarrita.

Makillajeari dagokionez, estilistak kolore gehiegikeria saihesten saiatzen dira. Azala berdindu eta inperfekzio txikiak estaltzeko makillaje-oinarri on bat erabiltzea hagitz garrantzitsua da. Ezpainek politak gelditu behar dute eta sentsualtasun ukitua eduki.

Mutilei dagokionez, argi dago gero eta gehiago zaintzen dutela itxura eta horregatik egun berezi honetarako estetika zentrotik pasatzen dira. Aurpegia eta eskuak direnez atentzio gehien ematen dutenak, egun honetarako aurpegi-tratamenduak eta manikura egitea da gehien eskatzen dena. Manikura bezperan egin daiteke baina aurpegiko tratamendua bortz egun lehenago egitea gomendatzen da, gorridurak ekiditeko. Oinarrizko zainketa hau gorputzeko masaje erlaxagarria eta pedikurarekin osotu daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun