Andregai bat, soineko bat. Klasikoa, abangoardista, retro, printzesa, ausarta... Gaur egungo andregaiek duela urte batzuk baino aukera zabalagoa dute. Nahiz eta kolore zuria, mantelina edo beloa eta dandar luzea diren gehienetan hautatzen dituztenak, diseinatzaileek gustu guztietarako soinekoak sortzen dituzte. Garrantzitsuena, andregaiaren estilo pertsonala joera guztien gainetik egotea da.
Bilatzen hasi baino lehen, soineko tradizionala edo modernoaren artean aukeratu behar da. Farfailak, bordatuak, mantelina edo beloak, inperio mozketak eta uhalik gabeko eskoteak dira jantzi klasikoenaren ezaugarri nagusiak. Baina badira joera ausartak ere. Soineko modernoenek bolumen handia hartzen dute, vintage modan inspiratzen dira, eta harribitxi, gerriko zabal, lore eta kolore ezberdinetako lazoekin chic ukitua dute. 2008ko joeren artean zilarra, pastel tonuak, elektrikoak, estanpatuak eta kolore beltza ikusten dira.
Estiloaz harat, andregaiari soinekoak ongi gelditzea da garrantzitsuena. Adibidez, lepoa luzea dutenei eskote zabalek ongi emanen diete; hain argalak ez direnentzako soineko armatuak egokiagoak dira; argalentzako bolumen handiko gonak dira aproposak; flamenko inspirazioko soinekoak gerri markatuak dituztenentzako egokiagoak dira; bular handia dutenentzako piko edo eskote karratuak aukera ona dira.