Bertizko Partzuergoa eta Hiruak Bat elkartea Navartur turismo azokan izanen dira

TTIPI TTAPA 2008ko ots. 22a, 13:18

Bi erakundeek langile bat kontratatuko dute laister

Asteburu honetan, Bertizko Turismo Partzuergoa eta Hiruak Bat elkartearen ordezkariak Navarturren egonen dira, hau da Iruñeako Baluarten ospatzen den turismo azokan. Ortziraletik igandera gure eskualdeari buruzko informazioa zabaltzen ariko dira eta promozio materiala banatuko dute: ekitaldien urtekaria, DVDa eta baliabide turistikoen gida, bertzeak bertze.

Donamariako Jauregia

Donamariako dorreari buruzko informazioa emanen dute Navarturren. Jakina denez, urrian Nafarroako Gobernuak promozioan lagunduta hasitako Donamariako dorreko bisita gidatuak, arrakastatsuak izan ziren. Estatuko toki desberdinetako mila lagun inguruk maisuki berreskuratutako dorre hau ezagutu zuten, gidaren azalpenez gozatuz. Dorrea bisita daiteke asteburu oro, aldez aurretik izena emanda konsortzioan. Urtarrilean eta otsailean bisitarien kopurua jaitsi dela eta, Bertizetik jendea animatzen dute gure eskualdera hurbiltzera eta berezi den patrimonio arkitektoniko hau ezagutzera.

Bi erakundeentzako langile bat kontratatuko dute

Bertze aldetik, Bertiz Turismo Partzuergoak eta Hiruak Bat landa etxe elkarteak bere barneko lana berrantolatu dute. Aldi berri bat garatzen hasiko dira pertsona baten kontratazioarekin bi erakundeentzat lan egiteko. Hautaketa prozesua irekita dago, beraz interesa dutenek bere kurrikuluma bidaltzen ahal dute Bertizko Partzuergora otsailaren 26a baino lehen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun