Abian da Euskal Herriko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa. Dagoeneko 680 eta 640 kiloko pisuetako jardunaldiak joan dira, eta bata zein bertzea Abadiño Ak irabazi ditu. Baina txapelketak badu gure ordezkaririk ere: Amaiur. 680 kiloko kategorian, Amaiurrek hirugarren postua eskuratu zuen. Bortz talde izan ziren lehian, eta Ñapurrak eta Abadiño Aren gibeletik sailkatu ziren. 640 kilokoetan, berriz, laugarren gelditu zen Amaiurko taldea. Saio gehienetan hirugarren postuan joan bazen ere, azkenean laugarren akitu zuen, Abadiño A eta B eta Ñapurrak taldearen ondotik. Gizonezkoetan Euskal Herriko Txapelketa lau kategoriatan banatzen da, eta guztietan eman du izena Amaiurrek. Dagoeneko, 680 kiloko eta 640koak erabaki badira, orain 600 eta 560 kiloko pisuenak gelditzen zaizkie. Larunbat honetan, hain zuzen, ekinen diote 560 kiloetako lehiari. Igandean, berriz, Berriozarren 600 kilokoetako lehia erabakiko da.
Martxoaren 8an 560 kiloetako bigarren saioa jokatuko dute Oiartzunen, eta azkena Lesakan, martxoaren 15ean.
Lesakako Beti Gazte taldeko emakumezkoak aurten estreinakoz Euskal Herriko lehian ere sartu dira, 480 kilokoetan. Otsailaren 16an ekin zioten txapelketari, eta igande honetan, martxoak 2, bigarren saioa jokatuko dute Berriozarren. Martxoaren 8an Oiartzunen izanen dira eta finala Lesakan erabakiko da, martxoaren 15ean.