Donato Larretxeak Binakako Urrezko Aizkolarien finala jokatu du igandean Azpeitian

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 22a

Donato eta Oihan Larretxea aita-semeak igandeko finalean izanen dira, aita elite mailan Atutxarekin, eta gazteetan semea, Garikoitz lehengusuarekin. TTIPI TTAPA

Gazteetan Oihan eta Garikoitz Larretxea Olano eta Saralegiren kontra arituko dira.

Hirutik hiru. Hiru Larretxeatarrak igandean, martxoak 1, Azpeitian jokatuko den Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketako finalean izanen dira. Maila nagusian Donato Larretxea arituko da, Aitzol Atutxa bizkaitarra lagun duela. Eta gaztetxoen mailan, Garikoitz eta Oihan lehengusuek jokatuko dute, bi leitzarren kontra: Olano eta Saralegiren aurka, hain zuzen.

Donatok eta Atutxak otsailaren 10ean lortu zuten finalerako txartela. Getxon jokatu zen Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketako lehen finalerdia irabazteko faboritoak ziren, eta beraiek lortu zuten finalerako txartela, nahiz eta lan aunitz egin behar izan zuten Nazabal eta Mugertza II.a mendean hartzeko. Egin beharreko sei probetatik lautan garaitu zituzten etxarriarra eta mutrikuarra. Proba guztiak egiteko, 24 minutu eta 18 segundo behar izan zituzten Larretxeak eta Atutxa II.ak. 25 minutu eta bost segundo, berriz, Mugertza II.ak eta Nazabalek.

Igandean Azpeitian jokatuko den finalean aurrez aurre Arrospide eta Aierbe izanen dituzte. Guztira sei proba eginen dituzte.

Gazteen mailan ere lehia bizia espero da. Oihan eta Garikoitz Larretxea lehengusuek, beratarrak eta arraioztarrak, Arkaitz Olano leitzarra eta Ruben Saralegi iruñearra (aita leitzarra) izanen dituzte aurrez aurre. Bortz proba egin beharko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun