Bidasoaldeko eraikuntza proiektuak tramitatzeko bulegoa ireki dute Donezteben

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 22a

Hasiera batean Doneztebeko Juansenean eskainiko da zerbitzua. Gerora, ordea, bulegoa Doneztebeko Merkatarien Karrikan paratzea da asmoa TTIPI TTAPA

Nasursa elkarte publikoak kudeatuko du, Doneztebeko Juansenean hasteko

Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Lurralde Antolaketa Departamentuaren menpe dagoen Nasursa, Navarra de Suelo Residencial Sociedad Anonima elkarte publikoak zerbitzu berria eskainiko dio Bidasoaldeko eskualde guztiari. Bertzeak bertze, etxebizitzak eraikitzeko eta zaharberritzeko proiektu guziak tramitatuko dira. Proiektu berritzailea dena otsailaren 7an aurkeztu zuten, Baztan, Bertizarana, Bortziriak eta Malerreka aldeko udal ordezkarien aitzinean.

Hasieran hiru langile ariko dira, administraria, arkitekto teknikoa eta arkitektoa. Bulegoa Doneztebeko Oteiza auzoan dagoen Juansenean paratu dute martxan, baina Nafarroako Gobernuak Doneztebeko Herriko Etxearen parean, Merkatarien karrikan daukan egoitzan moldaketak egin ondotik, bertan jarriko omen dute Nasursaren bulego berria. Hala adierazi zuen Miguel San Miguel Doneztebeko alkateak.

Hain zuzen, bulegoa Doneztebeko Merkatarien karrikan jartzea eskatu zuen Doneztebeko udal korporazioak, herriari bizi gehiago emateko helburuarekin. Baita lortu ere. Horrela, Beratik hasi eta Urdazubi edo Ezkurra bitarteko bizilagunak Doneztebetik pasatu beharko dute gestioak egitera, eta horrek, karrika giroa berpiztuko duela pentsatzen dute Doneztebeko Herriko Etxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun