Ikastola ez da unatzen. Inauteriak pasatu berri direla, bertze ekitaldi kultural bat antolatu du. Oraingoan bertsoak eta antzerkia nahasten dituen ikusgarria izanen da igande honetan, martxoak 2, Lurberrin, arratsaldeko 4etan. Kitzikazan/k taldeak Mattin Irigoienek idatzitako zortzi antzezlan labur eskainiko ditu, ingurumena, ekologia, kontsumoa, biodibertsitatea eta konpostari buruzkoak. Loreak mendian, ondarkinak lurpian eta bideak gainian antzerki bertsoadia izanen da. Publikoaren gozamenerako, aktoreek, ironia, absurdoa, ele zuzena eta metaforak nahastuko dituzte, hori guzia, Jon Martin eta Patxi Iriarteren bertsoen laguntzarekin.