Hiru zerrenda lehiatuko dira herriko bozetan

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 22a

TTIPI TTAPA

Lehen aldikotz, hiru senpertarrek parte hartuko dute kontseilari nagusi izateko lehian

Martxoaren 9an eta 16an, herriko auzapeza eta kontseilua hautatzeaz gain, Uztaritzeko kantonamenduko kontseilari nagusia ere izendatu beharko dute senpertarrek. Azken hau, eskualdeko ordezkaria izanen da Pirineo Atlantikoetako departamenduko Kontseilu Nagusian, Pauen. Lehen aldikotz, hiru senpertarrek parte hartuko dute lehia honetan, Christine Bessonart Bernard Auroy hautagai zentristaren ordezkoa da eta Mixel Mendiboure Euskal Herria Bai koalizioko hautagaia da. Bertzalde, Christian Fourgeau, azken urteetan herriko kontseilaria izan dena, ezkerreko hautagaia da Ezpeletako kantonamenduan.

Christine Bessonarten taldea

Herriko bozetan, hiru zerrenda presentatu dira. Azken zazpi urteetan auzapezaren aulkian jarri da Christine Bessonart eta kargu hau atxiki nahi du. Kultur areto bat eta osoki euskaraz ariko den haurtzaindegia egin nahi ditu eskola publikoaren ondoan. Hiru urte dituen tokiko hirigintza plana (PLU) berriz ikusi nahi du.

Pierre-Marie Nousbaumeren taldea

Parean Pierre-Marie Nousbaumek gidatzen duen Senpere 2008 taldea dago. Karrika nagusia eta herriko auzotegi guziak berpiztu eta lotu nahi ditu. Herritarrekin debate zabala sortu nahi duen talde honek laborantzaren herriko kontseilu berri bat eta euskara, kultura eta ondarea sustatuko dituen herriko erakunde berria sortu nahi ditu herriko 74 laborariak laguntzeko eta euskal nortasuna sustatzeko.

Abertzaleen taldea

Abertzaleen taldeak ekonomia berpizteko ordezkaritza sortu eta hazi transgenikoak debekatu nahi ditu. Saihesbidearen proiektua hobetu nahi dute, gaztelua erosi eta berritu nahi lukete eta kultur gela haundia altxatzearen alde daude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun