Agenda 21eko bigarren foroa ere egin da

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 22a

Aitzineko alean aipatu bezala, abian dira Malerrekako Agenda 21aren foroak. Hain zuzen, bigarrena otsailaren 12an egin zen eta 30 lagun bildu ziren. Gai hauek landu zituzten. Hezkuntzaren inguruan, Doneztebekoa alde batera utzita, herrietako eskola ttikietako ekipamenduetan gabezia nabaria dela azpimarratu zuten bildutakoek, eta eraikin batzuk zaharkituak gelditu direla ere bai. Horrez gain, haurtzaindegiaren eta eskolaz kanpoko ekintzen beharra aipatu zen.

Osasun eta gizarte zerbitzuen alorraz ere mintzatu ziren. Zenbait herritan —Oitz, Donamaria eta Bertizarana— kontsultategirik ez dagoela nabarmendu zuten, eta daudenetan bitartekoak hobetu behar direla. Horrez gain, adineko jendeak eguneko zentro bat behar du.
Kultura, Kirola eta Euskara ere aztertu zituzten, eta bertzeak bertze, Kultur Etxerik eta igerileku estalirik ez dagoela azpimarratu zuten. Horrekin batera, herrien artean kultur jardueretan koordinazioa falta dela erran zen. Bertzalde, bertako euskararen kalitatea galtzen ari omen da –gaztelerarekin nahasteagatik—, eta zerbitzu publikoek euskaraz lan egiteko aukera bermatzea ere beharrezkoa omen da.
Hurrengo bilkura, ortzegun honetan, otsailak 28, eginen da Doneztebeko Erakusketa Aretoan, 19:00etan. Ekonomiaz eta tokiko eta eskualdeko kudeaketaz mintzatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun