Gazte Burrunbaren etorkizuna kolokan dagoela ohartarazi dute batzordeko kideek

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 22a

Jende berriaren beharra somatzen dute taldean

Gazte Burrunba ez dago bere garairik onenean. Ez, horixe, juntako kideek etorkizuna kolokan ikusten baitute. Otsailaren 15ean bilera egiteko deia egina zuten batzordekideek, bertzeak bertze, junta aldatzeko, diru kontuei buruz solasteko eta ideia berrien inguruan hausnartzeko. Baina bazkide guztiei eskutitzak bidali arren, bederatzi lagun baino ez ziren hurbildu, eta guztiak batzordeko kideak edo hurbilekoak. Hori ikusita, zerbait egin behar dela iritzi diote oraingo batzordean. Doneztebeko gazte guztiei erantzuna emateko gai ez direlakoan, jende berriaren parte-hartzea eskatu dute, herriari bizitasun kulturala emateko eta gazteria batzeko.

Otsailaren 15ekoaren ondotik, aste beteko epea eman zuten hausnarketarako, eta joan den ortziralean, otsailak 22, elkartzekoak ziren. Lerro hauek idazterakoan ez genuen bilkura horren berririk, baina jende berriaren faltan, «inork nahi ez duen erabakia hartzera behartuak» egonen zirela iragarri dute: «Burrunba bertan behera uztea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun