«Bizitzak baditu oraindik ezagutzen ez dituzun bideak. Etorri gurekin!» lelopean Eskualdeko Boluntariotza Sarea eratu dute Baztan, Bortziriak, Malerreka, Bertizarana, Urdazubi eta Zugarramurdi aldeko zortzi gizarte erakundek. Helburua ere argia da: boluntarioak biltzea. Edozeinek musu truk eta esfortzurik gabe egindako zerbait, beharra duen harentzat ezinbertzekoa izan daitekeelako. Hain zuzen, Xauli, Sahararen Aldeko Elkartasun Taldea, Aspace, Bidelagun, Elkarrizan, Caritas, Anfas eta Dizdira-Anasaps dira kanpaina martxan paratu duten eragile sozialak. Inguruan sortzen diren beharrei erantzuna eman nahi diete eta horretarako martxoaren 8ra bitarte boluntarioak biltzen ahaleginduko dira. Haurrekin edo xaharrekin egoteko, eriei laguntzeko edo etorkinei esku bat luzatzeko prest dagoenak erakunde hauetara jo beharko du. Bortzirietan Elkarrizan elkartearen telefonora deitu beharko da (635 005266) eta gainerako lekuetan, berriz, Bidelagun erakundearen telefonoetara (948 581327 edo 679 435174).
Joan den urteko ekainaz geroztik lanean ibili ondotik, otsailaren 7an aurkeztu zuten Eskualdeko Boluntariotza Sarea, behar dutenei laguntzeko boluntarioak biltzeko sare berria. Xauliren izenean Irantzu Izetak hitz egin zuen; Sahararen Aldeko Elkartasun Taldearen izenean Marisa Amunarrizek; Joxean Subizar mintzatu zen Malerrekako eta Bertizaranako Caritasen izenean; Aspaceren izenean Isabel Pardo eta Leire Satrustegi aritu ziren; Bidelaguneko Isidro Herguedas solastu zen; Elkarrizaneko Marian Biurrarenak ere hitz egin zuen eta Anfas elkartearen izenean Beatriz Oiartzabal aritu zen hizketan. Horiekin batera, Dizdira-Anasaps da programan parte hartzen duen zortzigarren erakundea. Euren ekimena izan da, eta euren arteko harreman solidarioa sustatu bidenabar, inguruan jende jakin batek dituen beharrak asetzera datoz. Izan haurrak, izan xaharrak, izan gaixoak edo izan etorkinak. Horrekin batera, boluntarioen sentsibilizazioa sustatu nahi dute, eta hala, deialdi berezia egin zieten gazteei, «bizitzeko bertzelako moduak deskubritu ditzaketelako, zaharrei, eriei, haur ezinduei, atzerritarrei... lagunduz». Halaxe aipatu zuen Isidro Herguedasek.
Boluntarioak biltzeko asmoarekin, martxoaren 8a bitarte garatuko den kanpainan, 7.000 eskuorri banatuko dira Baztan, Bortziriak, Malerreka, Bertizarana, Urdazubi eta Zugarramurdiko etxeetan, «Bizitzak baditu oraindik ezagutzen ez dituzun bideak. Etorri gurekin», lelopean.
Laguntza emateko aukera bakoitzaren beharren arabera antolatu nahi dute, eta horregatik, bultzatzaileek argi utzi zuten norbere esku dagoela zenbat denbora eskaini. Hortik abiatuta, gizarte erakundeok antolatuko ziratekeen hori koordinatzeaz. Eman daitekeen laguntza mota ere zabala da: taxirik ordaintzeko aukerarik ez izan eta herritik kanpo medikuarengana joan behar duen adinekotik hasi, eta arazo psikikoak dituzten haur eta euren senideei laguntzerainokoa. Herguedasek gaineratu zuenez, «gizarte gaietan inplikazio politiko hagitz eskasa dago, baina beharrak hor daude. Hortaz da garrantzitsua guztion laguntza».
Elkarte bakoitzak bere beharrak ditu, baina guztiek behar dituzte boluntarioak
GIZARTE ERAKUNDEAK BANAN BANA
Zortzi erakunde horiek esparru diferentetan egiten dute lan: haurrekin, zaharrekin, etorkinekin... Baina boluntarioen eskua guztietan da beharrezkoa.
XAULI. Ezinduei laguntzeko helburuarekin sortu zen Baztanen, 1998an. Ezintasuna dutenei aisialdirako aukerak eskaintzen dizkiete larunbat arratsaldetan Elizondon. Eskulanak, zinera ateraldiak... egiten dituzte. 12-15 ezindu biltzen dira eta hiru baino ez daude laguntzeko.
SAHARAREN ALDEKO ELKARTASUN TALDEA. Udan Saharako errefuxiatu kanpalekuetatik etorritako haurrak etxean hartzeko familiak behar dituzte.
ASPACE.Beran duen egoitzan aritzen da lanean Aspace, batez ere, haur eta gazte ezinduekin. Bertzeak bertze, psikomotrizitate, musikoterapia eta horrelako programak lantzen dituzte. Lau boluntario daude eta hartuko duten jendea biltzen den boluntarioen araberakoa izanen dela kontuan hartuz, lagun gehiagoren beharra dute.
BIDELAGUN. Beharrak anitzak izan arren, adinekoak herritik kanpo medikuarengana eramateko gidari autodunak behar dituzte elkartean. Izan ere, adineko asko gastuei aitzin egin ezinean daude, eta ez dute taxirik ordaintzeko modurik. Horrez gain, etorkinei gaztelaniazko klaseak emateko eta ospitaleratuak dauden adinekoak bisitatzeko boluntarioak behar dira. 60 boluntario daude egun Bidelagunen.
ELKARRIZAN. Elkarte hau Beran sortu zen eta urte osoan zaharrekin ateraldi eta paseoak egiteko boluntarioak behar ditu.
CARITAS. Doneztebeko pisu tutelatuetan bizi diren adinekoei laguntzen die batez ere, eta horretarako laguntzaileak behar ditu.
ANFAS. Elkarte berria da eskualdean, ezintasuna duten haurrekin ari dena. Bere kasuan, udako kanpaldi edo udaleku irekietan parte hartzeko jendea behar du. Hiru astekoak izanen dira, uztailean eta abuztuan.
DIZDIRA-ANASAPS. Arazo psikikoak dituzten senitartekoekin egiten dute lan Dizdira-Anasaps erakundean. Hainbat ekimen garatzen dituzte eta horretarako laguntzaileak behar dituzte.