«Gobernuaren politika txarra eta lertxunak, krisiaren arduradunak»

Utzitako argazkiak 2008ko otsailaren 22a

Jose Mari MITXELENA Berako arrantzalea TTIPI TTAPA

• Amuarrain gutti dagoelako, arrantza debekatu du Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak.
• Bertze neurrien artean debekua da guztietan eztabaidatsuena, eta Nafarroako erreketako 1.161 kilometrotan du eragina. Horrekin batera, zaintza areagotuko da.
• Araudia, ordea, ez da arrantzaleen gustukoa. Hartzen diren erabakiak beti arrantzaleen kontrakoak direla nabarmendu digu Jose Mari Mitxelena Berako arrantzaleak.

Zein da amuarrain arrantzaren debekuari buruz arrantzaleen iritzia?
Ez nau harritzen erabakiak, urtetik urtera amuarrain kopurua jausten ari baita. Baina beti neurriak arrantzaleen aurkakoak dira. Lehen errekei lagundu egiten zitzaien eta Bidasoan, Artikutzako erreketan eta Urumearen Nafarroako aldean milioika arraultza eta amuarrain ttiki botatzen ziren. Baina duela 18-20 urte Gobernuko teknikariak bertze bidea aukeratu zuen eta geroztik ez dugu gauza onik izan. Errekak euren gisara utzi eta ez zitzaiela lagundu behar erran zuen. Birpopulazioa alde batera utzi zen eta beherantz egin du kopuruak. Azkenean ia amuarrainik gabe gelditu gara. Azken urte hauetan laguntzen hasi direla dirudi baina ez da nahikoa, aunitzez gehiago lagundu beharko lukete.

Amuarrainak desagertzeko arriskuan daude?
Ez dut uste desagertuko direnik, baina egoera makur dago. 1970eko araudiarekin errekei lagundu egiten zitzaien, eta gainera, arrantza haztegi gehiago ireki behar zituztela erraten zen. 90. hamarkadan Gobernuko teknikaria etorri zen eta, bere politika txarra eta lertxunak dira krisiaren arduradunak. Duela 20 bat urte Plaiaundin lertxunen ehiza debekatu zenetik hasi dira honat etortzen. Ubarroiei egurra ematen zaie, baina lertxunei ez, eta amuarrain asko jaten dute, kilo erditik goiti, eta lertxunak garbitzen ez baditugu ez dago dues egiterik. N-121A errepideko lanekin nahiko nahasiak dabiltza baina noiznahi goiti eta beheiti bueltaka ikusten ditugu. Horrekin batera, birpopulatu egin behar dira errekak, ez oraingo 100 edo 150 mila arraultza edo amuarrain ttikiekin. Lehengo milioi haiek berreskuratu behar dira.

Beranduegi erreakzionatu du Gobernuak?
Hainbertze urte pasatu dira Gobernuko teknikaria etorri zenetik... Orduan 25 amuarrain arrantzatzen ahal genituen, 19 zentimetrokoak; amuarrainaren beherakadarekin, ordea, 19tik 22ra igo zuten tamaina, eta kopurua murriztu zuten. Eta gero eta guttiago. Neurriak zorroztuz joan dira, baina arazoa ez da hori. Lehen Lesakako Matxain aldean, 60-100 amuarrain zeuden lekuan,orain, hamarretik bat dago.

Kontrola eta zaintza haunditzeko neurriak ere hartu nahi dira...
Kulpa beti bertzeari. Arrantzaleak amoarraina ateratzean, gelditzen denarekin guttiago dago, ados. Baina errua ez da arrantzalearena. Arrantzaleak kontrolatzen du erreka, eta bera da erreka nola dagoen dakiena.

Baina izokinak arrantzatu daitezke...
Bai, baina hori ere nahiko motel dago, ni hasi nintzeneko urteekin konparatuz, 30 bat urtetik goiti. Gainera, N-121Ako lanetan leherketak direla-eta baliteke asteburuetan bakarrik uztea arrantzatzen, eta asteko egunetan ez. Ez dute debekatu baina... Garai batean aingirak ere arrantzatzen genituen Bidasoan, baina izokin arraultzak jaten zituztela-eta, eraman egin zituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun