Gazte Burrunba elkartea biziberritzeko eta jende eta ideia berriak erakartzeko bilera eginen dute ortziral honetan, otsailaren 22an, arratsaldeko 8etan Doneztebeko Azkarretan.
Bederatzi lagun azken bileran
Joan den ortziralean, otsailaren 15ean, bilera zegoen deituta bertze gauzen artean Burrunbaren junta aldatu edo erreleboa hartzeko. Bertze gauzen artean diru kontuei buruz eta ideia berriei buruz solastu behar zutenez, bazkide guziei eskutitzak idatzi ziren, denek bilera honen berri izan zezaten, eta hala ere bederatzi pertsona bakarrik joan ziren. Gainera, denak, lehenagotik juntakide izanak edo juntakoen hagitz hurbilekoak ziren.
Jende eta ideia berriak
Hori ikusita, jende berriari pasoa eman behar zaiola erabaki du Gazte Burrunbako juntak, gaur egun ideia, xarma eta indar berriak behar direlako elkartean, hasieran izan zuen freskotasun hura berreskuratzearren. Orain juntan daudenak jakitun dira ez direla Doneztebeko gaztedi guziari erantzuna emateko kapazak, eta horregatik garrantzitsua da jende berriaren sarrera hori. Herriari bizitasun kulturala emateko eta herriko gaztedia juntatzeko helburuarekin sortu zen Burrunba, eta juntaren ustez, bizitasun kulturala emateko ezinbertzekoak dira ideia berriak, gaztedia juntatzeko gaztedi guzia inplikatua egotea beharrezkoa den bezala.
Burrunba desagertzeko arriskua
Hori dela eta aste beteko epea eman dute hausnarketarako, jendeak kuadriletan solasteko, eta ortziralean, otsailaren 22an, arratsaldeko 8etan Doneztebeko Azkarretan eginen den bilerara gonbidatzen dituzte Burrunbako kide guziak. Jende berriaren faltan, erabaki mingarria hartu beharko luke juntak, inork nahi ez duen erabakia, hau da, Burrunba bertan behera uztea. Donezteben eta, orokorrean, Malerrekan, hutsune bat sortuko zen. Burrunbako juntak argi utzi nahi du ez dela ultimatum bat, baina ez diote bertze irtenbiderik ikusten egoerari. Aterabidea ematea denen esku dagoela ere garbi utzi nahi du Burrunbako juntak.