Funveran ELAren gehiegikeria!

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 21a

Ilbeltzaren 31an sinatu zen Funveran (Fundiciones de Bera) Hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa. Enpresa Batzordean ELA eta LAB sindikatuak badaude ere, soilik ELAk sinatu du. Eta LABetik kritikatzen dugu nola egin diren gauzak lantegi honetan, batez ere Enpresa Batzordea gehiengoa osatzen duen ELAren aldetik.
Urte hasieran, Zuzendaritzak informatu zuen lan zama dezente sartu zela lantegian, bi urtetarako aurreikuspenekin, eta txandak berretu behar zirela (aldatxandan langile gehiago sartuz), langile berriak kontratatuz. Bertze aldetik, une horretan hitzarmen berria negoziatzeko atarian zen.
Ez da ohikoa izaten hitzarmena negoziatzeko garaian, lan eskaera berriak sartu direla lantegian, horren informazioa ematea. Baina Funveran, aldi honetan, horrela izan da. Informazio horren arabera, negoziatzeko egoera hobe batean gelditzen da Enpresa Batzordea, eta ELAren jokaera itxiagatik ez da aprobetxatu aipaturiko egoera. Bi puntu dira, LABen ikuspegitik, kolokan edo gaizki itxita gelditu direnak: Aldatxandaren akordioa alde batetik, eta kontratu tinkoak egiteko artikulua hitzarmenetik kentzea bertzea.
Zuzendaritzak planteatu zuenean lantegiko langile guztiak sartzea alda-txanda erregimenean, LABen aldetik plan bat aurkeztu zen Enpresa Batzordean, non sortutako beharrak, borondatezko langileekin beteko zen, eta horrekin ez balitz aski, kontratazio berriarekin. ELAko ordezkariei ongi iruditu zaien planteamendua, baina LABetik egin zelako ez zuten bideratu. Tamalgarria da interes sindikalak langileen gainetik jartzea!!
Bertze aldetik, orain arteko hitzarmenean, behin-behineko langileak %15 baino guttiago izan behar direla bilduta zegoen. Eta aurreakordioan, ELAk onartu du puntu hori desagertzea. Artikulu horrek hutsuneak baldin bazituen ere, plantilan behin-betiko kontratuak ahalik eta gehiena izatearren lan egiteko aukera ematen zuen. Baina orain zuzendaritzak jarriko du berari interesatzen zaion muga, Enpresa Batzordearen kalterako.
Hauek izan dira nagusiki, LABek Lan Hitzarmena ez sinatzeko izan dituen arrazoiak.
Lantegi honetan denbora bat daramagu ELAren gehiegikeriak eta harrokeriak pairatzen. Gauza bat da Enpresa Batzordean gehiengoa izatea, eta bertzea da gainerako sindikatuei, kasu honetan LABeri, errespetutik ez izatea. Errespetuz eta elkar ulermenaz kudeatzen badira Komite kideen arteko harremanak. Azken finean Funverako langile guztiak jasaten dituzte gehiegikeri eta harrokeri hauen ondorioak, galduz, lortzeko hainbertze kosta diren eskubideak, eta enpresa da irabazten duen bakarra ELAk LABen aurka burutzen ari den etengabeko eraso honekin. Gaizki pentsatuko bagenu errango genuke hain xuxen hori dela batzuen helburu nagusia, hau da, LAB borrokatuz enpresa kontent edukitzea; gaizki pentsatu behar ahal dugu?

Funverako LAB

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun