Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak 200.000 euroko dirulaguntza emanen du traktore zein bazka biltzeko makineria berritzeko egin beharreko inbertsioetarako.
Traktore eta makina gehienak zaharrak dira
Otsailaren 18an onartu zuten erabakia eta 2009rako laguntza zanen da. Gaur egun Nafarroan 15.909 traktore daude, baina horietatik 1.900ek bakarrik dituzte bortz urte baino guttiago.. Uzta biltzeko makinak 1.401dira denetara, eta horietatik 320 bakarrik dira bortz urte baino guttiagokoak. Traktore nahiz uzta biltzeko makinek, gero eta potentzia handiagoa izaten dute, banaz bertze: traktore zaharrek 80 zaldi izaten dituzte eta berriek, berriz, 110 zaldi. Uzta biltzeko makinetan, 160 zaldietatik 180 zaldietara pasatu dira.
Segurtasun eta eraginkortasun gutti
Nafarroako nekazaritza tresneriaren parkean makina aunitz daude eta makina modernoenak maila teknologiko handikoak omen dira. Baina portzentai handiena makina zaharrek hartzen dute eta nekazaritza berriak behar duen segurtasun eta eraginkortasun mailara ailegatzea oztopatzen dute.
Traktorea edo uzta biltzeko makina iraultzerakoan beharrezkoak diren babes-egiturarik ez dute tresna zahar hauek, eta frenatzeko edo seinalizatzeko sistemak egoera txarrean izaten dituzte. Motoreek ere ez dute energia behar bezala aprobetxatzen eta kontaminazio handia igortzen omen dute airera.