Haur Hezkuntzako eta DBHko testuliburuak doan izanen dira hurrengo ikasturtetik aitzinera

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 20a

Ikastetxeek liburuak erosiko dituzte eta mailegu bidez funtzionatuko dute

2008-2009 ikasturtetik aitzinera, derrigorrezko hezkuntzan ari diren ikasleek doan jasoko dituzte testuliburuak. Horrela onartu zuen Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak aho batez. Foru Lege berriak 6tik 12 urtera bitarte Haur Hezkuntzan ari diren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) dauden 12tik 16 urterarteko ikasleei eraginen die. Ikastetxe publiko zein itunpekoak (kontzertatuak) eurek izanen dira testuliburuak erosiko dituztenak eta ikasleen esku utziko dituzte. Hortik aitzinera, mailegu bidez funtzionatuko du sistemak. Halere, ikastetxeek lau urteren buruan, berriro erosi beharko dituzte liburuak. Proposamena Nafarroako Ezker Batuak aurkeztu zuen eta guztiek onartu zuten.

Testuliburuak erosten dirutza joaten da, kalkulatzen denez, 100 eurotik 300 eurora artean. Hala, Nafarroako Gobernuak gastu horri aitzin egiteko hiru milioi euro bideratuko dituela iragarri du 2008ko aurrekontuetan. Egitasmoa hurrengo ikasturtean sartuko da indarrean, eta 2011-2012rako guztiz ezarria izanen den neurria izanen omen da. Oraingoz Haur Hezkuntzari eta Derrigorren Bigarren Hezkuntzako ikasleei eragiten badie ere, zenbait alderdik (EB eta PSN tartean) DBHtik aitzinerako mailetan ere aplikatu daitekeen neurria izan litekeela adierazi dute. Testuliburuak lau urteren buruan berritu beharko dira, erosi, alegia. Halere, Haur Hezkuntzako ttikienen kasuan, 6-7 urtekoetan, ttikiak izanik, materiala maizago erosteko aukera egonen da.

Sindikatuek hiru greba egun deitu dituzte irakasleentzat

Bertzalde, Nafarroako Gobernuak irakasleen oposizioak eta zerrendak baloratzeko ezarri nahi duen sistema berriarekin ez daude konforme irakasleak. Hala, irakaskuntzako AFAPNA, CCOO, CSEI-CSIF, ELA, LAB, STEE-ELAS eta UGT sindikatuek greba egunak deitu dituzte otsailaren 28rako eta martxoaren 4 eta 6rako. APS da deialdiarekin bat egin ez duen sindikatua. Lehentasunezko zerrendak erretiratzea eta antzinatasuna kobratzeko eskubidea dira, bertzeak bertze, irakasle interinoek eskatzen dituztenak.

Carlos Perez-Nievas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak, bere aldetik, bitartekoak edo interinoak kontratatzeko sistema berria defendatu du, uda honetan eginen diren Bigarren Hezkuntzako oposizioen ondotik martxan paratuko dena, hain zuzen. Lehentasunezko Zerrendaren sistema oposizioak gainditu dituztenen mesederako izanen da. Baloratzerakoan, merezimenduak %40an hartuko dira aintzat, eta oposizioko emaitzak gainerako %60an, beti ere, azterketa gainditu baldin bada.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun