Osasun Zentroetan ordu laurdeneko geldialdiak egin dituzte astearte eguerdian

Goizalde URDANPILLETA 2008ko otsailaren 19a

Lesakako Osasun Zentroan egin den elkarretaratzearen irudia. TTIPI TTAPA

Errefortzuko langileen baldintzak hobetzea eskatzen dute, bertzeak bertze

Osasunbideako sindikatuek landa eremuetako osasun zentroen egoerari buruz protesta egiteko ordu laurden bateko geldialdia deitu dute otsailaren 19an, astearte eguerdian. Nafarroako Gobernua beraiekin negoziatzera esertzen ez bada, mobilizazio gehiago ere eginen dituztela iragarri dute.

Sindikatuak elkartuta

AFAPNA, CCOO, ELA, LAB, SATSE, SMN, UGT eta USAE sindikatuetako osasun mahaiko kideek bat egin dute mobilizazioan, beraien ustez ez baita bete joan den urteko abenduaren 13an Administrazioarekin sinatutako hitzarmena. Akordio horretan, errefortzuko langileen lan-baldintzak hobetzea eta poliki-poliki osasun zentro gehiagotan larrialdi zerbitzuak jartzeko azterketak egitea eskatzen zuten sindikatuek.

Langileen lan-baldintza eskasak

Sindikatuen ustez, errefortzu langile hauen kontratuak “esklabistak” dira, izan ere urtean 3.000 ordu baino gehiago lan egin arren, 450 ordu bertzerik ez dituzte kotizatzen. Nafarroako landa eremuetako osasun zentro guzietan langilego eskasia dela aipatu dute sindikatuek, ez langileak falta direlako, proposatzen zaizkien lan-baldintzengatik baizik.

Bera, Doneztebe, Elizondo eta Lesakako Osasun Zentroetan astearte eguerdian egin duten geldialdian, mediku, erizan eta bertze langileek parte hartu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun