Hogeitik goiti izan dira azken egun hauetan eskualdean izan diren suteak, gehienak ere kontrolatu gabeko larre erretzeen ondorioz sortutakoak. Suhiltzaileek ere lan gehiago egin behar izan dute horren ondorioz. Mendiak garbitzeko helburuarekin, ohitura haundia dago eskualdean larreak erretzeko. Urtarrilaren 15ean zabaldu zuen Nafarroako Gobernuak basoetako neguko kanpaina, larre erretzeak hobeki kontrolatze aldera. Aurten estreinakoz, sutea sortzeko arriskutsuenak diren lekuetan bi helikoptero ere kontrol lanak egiten dabiltza. Apirilaren 21a bitarte erre ahal izanen dira larreak, hori bai, aitzinetik Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuan baimena eskatuta.
Halere, joan den asteartean, otsailaren 12an, Berako suhiltzaile boluntarioek Ibardinetik hurbil, Urruñan sortutako sute bat artatu behar izan zuten. Egun berean, Aritzakunen ere, Otsondotik hurbil, bertze sute bat sortu zen. Almandozen lau hektarea erre ziren astelehen arratsaldean, otsailak 11, eta Zugarramurdin bertze bi hektarea. Erratzuko Iñarbil auzoan, Lekarozko Legate mendian eta Irutitako errekan ere izan dira suteak. Pasa den ortzegunetik hainbat sute izan dira Belate inguruan. Sastra izeneko paraje bati su eman zioten eta horren ondorioz, ortzegunean berean 60 hektarea kixkali ziren. Larralde izeneko baserri batek ere su hartu zuen. Suhiltzaileak asteburu osoan aritu dira lanean eta Abartan mendiko azpiko aldean nahita eragindako suteak etengabeak izan dira. Gainera, igandean haize bolada bortitzak nagusi ziren eta horiek areagotu egin zuten sutearen eragina. Goizalde bitarte sutea itzaltzeko lanean aritu dira.
Otsailean nahita eragindako suteek goiti egin dute
Nafarroako Larrialdietarako Zerbitzuak emandako informazioaren arabera goiti egin dute nabarmen nahita eragindako suteek otsaileko hilabetean. 2007 eta 2008 urteak parekatuz, 2007an urtarrilean 52 sute izan ziren eta aurten 87. Nekazaritza eremuei dagokienez, 17 izan dira kaltetuak, mendian 49 sute izan dira eta 20 sutek ez dute suhiltzaileen ekinbiderik behar izan. Kaltetutako eremua hektareatan kontutan hartuz, 61,19 hektareengan eragina izan zuen suak, gehienbat mendian, 54,39 Hektareatan hain zuzen ere. Otsailean ere nabarmen egin du goiti suteen kopuruak. Iaz 51 izan ziren eta aurten, nahiz eta hilabete osoa ez den akitu, 177 izan dira dagoeneko. Mendiarengan izan du gehienbat eragina, 107 sute izan baitira. 2007an 126,74 hektarea kixkali ziren eta aurten 430,59. Zuhaiztiak 58,17 izan dira eta gabekoak 416,43. Gainerakoan, nekazaritza eremuari dagokionez, fruitu arbolek hektarea bat hartu dute eta zekaleak eta uzta 16,28 Hektarea izan dira. Hortaz, urtarrilean 87 sute izan ziren eta otsailean 171, denetara 257. Kiskalitako hektareak denetara 491,88 izan dira: zuhaiztiak 58,17, zuhaitzik gabekoak 416,43 eta landa eremuan 17,28.
Banaz bertze 20 irteera egunero
Gure eskualdeari dagokionez, ortezgunean hasi eta igande bitarte bataz bertze egunero 20 irteera inguru egin behar izan dituzte suhiltzaileek. Ortzegunean 14, ortziralean 16, larunbatean 24 eta igandean 26. Goiti behiti kiskalitako hektareak 100 inguru izan dira. Kalte larrienak Baztan, Bortziriak, Ultzama eta Belaten gertatu dira.
Igande gauean Elizondoko Berro auzoan
Igande gauean Elizondoko Berro auzoan gertatu zen suterik handiena. Izan ere, 60 Hektarea eta 13.000 zuhaitz erre zituen suak Elizondoko Berro auzoko Goizegain inguruan. Sutea herrilurretan gertatu zen, baina Baztango Batzar Orokorrak baimendutako plantazio pribatu bati eragin zion. Zuhaitzen %80a izeiak ziren eta gainerakoak gereziondoak eta erabat kixkaliak gelditu ziren bertze landareak. Oronoz-Mugairiko eta Baztango Udaleko Mendi zerbitzuko suhiltzaileek ez zuten sua Arizkiungo Aintzialde aldera hedatzen utzi eta azkenean, astelehen goizean itzali zuten. Berroko bizilagunek erne pasatu zuten igande gaua, suak bere etxebizitzak hartuko ote zituen beldur, baina zorionez ez zen halakorik gertatu.