Eskualdeko korrikalariak podiumera igo dira Nafarroako kross luzeko txapelketan

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 18a

Antonio Bru beratarra bigarren eta Rafa Maritxalar lesakarra hirugarren izan dira gizonezkoetan eta Cristina Arbues igantziarra hirugarren emakumeetan

Nafarroako kross luzeko txapelketa jokatu zen igande eguerdian Tuteran eta eskualdeko korrikalariek txapelik lortu ez bazuten ere, lasterkaldi ederrak egin zituzten eta podiumean izatea ere lortu zuten. Gizonezkoen kategorian, 97 korrikalari atera ziren eta horien artean, Hiru Herri taldeko Gabriel Garin izan zen garaile. 11.847 metroko luzera zuen ibilbidea egiten 39 minutu eta 2 segundu behar izan zituen.

Antonio Bru bigarren eta Rafa Maritxalar hirugarren

Bigarren postua Berako Antonio Bru taldekideak lortu zuen, 16 segundu gehiagorekin eta podiumeko hirugarren koxka Rafa Maritxalar lesakarrarentzat izan zen, irabazleak, baino 21 segundu behar izan zituelarik ibilbidea osatzeko. Maritxalar ere Hiru Herri taldekoa dela kontuan hartuz, Burlatako taldeak irabazi zuen taldekako sailkapena ere. Bigarrena Tuterako Ribera Atletico taldea izan zen, kontuan hartuz lau korrikalari sartu zituela hamabi lehenbizikoen artean. Hirugarren postua Iruñeko Beste Iruña taldearentzat izan zen.

Cristina Arbues hirugarren, Maika Ariztegi bosgarren

Emakumeen lasterketan ere, eskualdeko korrikalariak ongi ibili ziren. Emakumeen lasterketa, Beste Iruña taldeko Estela Navascues tuterarrak aisa irabazi zuen, baina Sorian bizi denez eta Gaztela-Leongo fitxa duenez, ezin izan zuen txapeldunaren kopa eskuratu. Bigarren sailkatu zen Inmaculada Pereirok ere Kantabriako fitxa dauka eta, honenbertzez, lasterketan hirugarren izan zen Hiru Herri taldeko Ana Casares izan zen Nafarroako txapeldun, 24 minutu eta 47 segunduko denborarekin. Bigarren postuan, Scania-Pamplona Atletico taldeko Nerea Abrego sailkatu zen, 47 segundura eta hirugarren, Hiru Herri taldeko Cristina Arbues igantziarra, 53 segundura. Beraz, Arbues ere Nafarroako podiumea izan zen, nahiz eta lasterketan bosgarren izan. Beste Iruña taldeko Maika Ariztegi iturendarra zazpigarren izan zen lasterketan eta bosgarren Nafarroako txapelketan. Dena den, aipatzekoa da emakumeen artean taldeka irabazle izan zela Beste Iruña eta, beraz, postu horrekin garaipenean lagundu zuen Maikak. Bigarren postua Hiru Herri taldearentzat izan zen eta hirugarrena Ribera Atleticorentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun