Erika Lagoma da Nafarroako bertsolari txapelketako lehen finalista

ttipi-ttapa 2008ko ots. 18a, 14:56

Lesakarra nagusi izan zen larunbatean Txantrean egindako finalaurrekoan

Erika Lagoma nagusitu zen larunbatean Txantrean jokatuta zen Nafarroako Bertsolati txapelketaren lehen finalaurrekoan. Bertan lehiatu ziren sei bertsolarien artean puntu gehien lortu zituen. Iaz ez bezala ez du bertze finalaurrekoen puntuazioen zain egon beharko finalean sartzeko. Aparteko saiorik ez egin arren, lesakarrak itxura sendoa eman zuen, eta saio osoan txukun ibili zen.Dudarik gabe aurtengo txapelerako hautagai nagusietariko bat izanen da. Julen Zelaieta beratarra Elizondoko finalean egonen dela ere aurreikus daiteke. Irabazlearengandik 12 puntura gelditu zen, baina maila ona eman zuen, eta itxura ohi baino seguragoa. Aurten kanporaketatik pasatu behar izan badu ere, Xabier Terreros berriz ere finalean ikus daiteke. Txantrean hirugarren izan zen, dagoeneko Nafarroako maila hoberenean ibilitakoa da eta larunbatean eman zuen mailarekin finalerako atea hortxe-hortxe izanen du. Aurtengo txapelketan txapeldun bakarra dago. Hau da Bittor Elizagoien, 1994an eta 1999an irabazi baitzuen. Aurten aldiz aukera gutxi gelditzen zaizkio, kasik batere. Laugarren izan zen saioan. Oier Lakuntza eta Diego Riañori bezala. Bi bertsolari gazteek bertso politak bota zituzten baina egonkortasuna faltan izan zuten.

200 entzule

Oro har saio txukuna izan zen, entzuteko atsegina. Guztira 200 bat lagun bildu ziren Salestarren aretora. Agurrean, saio bizia aditzeko aukera izanen zela pentsatzen ahal zen, baina laster txapelketaren presioak gaina hartu zuen, eta bertsolariek segurtasunera jokatu zuten. Hasiera hotza izan zuen saioak baina aitzinera joan ahala bertso politak entzun ahal izan ziren. Emanaldiak ez zuen inoiz zapart egin, baina zati ederrak izan zituen.

Bertsolarien lanak

Zortziko handian Elizagoien eta Terrerosi gurasoak izatea tokatu zitzaien. Semearen telefonoan bideo bat aurkitu zuten bertze gazte bat jipoitzen ari zirela. Arraioztarrak haurra bide txarretik zihoala zion, eta lesakarrak berriz nerabe kontu bat zela. Zelaietari etorkin batzuen pisu kidea zen. Arrazista ez zela nabarmendu bazuen ere, integratzeko indar gutxi egiten zutela iruditzen zitzaion. Lagomak erantzun ederrak atera zituen saioan. Adibidez, zortziko txikian. Aspaldiko partez Zelaietarekin institutuko afaria izan zuten, eta Lagoma mahai azpitik xirrika egiten hasi zitzaion. Beratarra berehala berotu zen eta kanpora atera nahi izan zuen. Atzoko irabazleak gauzak berehala argitu zizkion. Elizagoienek ere larru kontuei buruz aritu zen lan horretan. Lakuntza eta biak pisu kideak ziren, eta bertsolari gaztearen bikotekidea beti pisuan zegoen, ia-ia bertan bizi. Egoera ikusi eta baztandarrak errentaren erdia ordain dezala eskatu zion baina Iruindarrak ez zion kasurik egin. Azkenean Elizagoienek arazoa bertze nonbait zegoela aitortu behar izan zuen. Punttukakoan Zelaietaren bigarren bertsoa izan zen aipagarrienetariko bat. Saioko zatirik onena Lagoma eta Terreros maitasun kontuz aritu zirelarik izan zen segur aski. Biei lehen aldiz maite zaitut erran zitzaien, Lagomari duela 10 urtetik bere bikotekidea denak, eta Terrerosi bart gauean ezagututakoak.

Picassoren «Gernica», kartzeleko saioan

Kartzelakoan Picassoren Gernika koadroa begira aurkitu dute iloba baina irrika. Gehienek gertakizunaren larritasuna aipatu zuten iloba gaztea izanik ez zuela ulertzen argudiatuz. Erika Lagomak eta Xabier Terrerosek bota zituzten arrazoirik onenak. Azkenean, Erika Lagomak 343 puntu eskuratu zituen; Julen Zelaietak 331; Xabier Terrerosek 320,5, Bittor Elizagoienek 301,5; Oier Lakuntzak 298,5 eta Diego Riañok 295.

Bertze bi finalaurrekoak

Bigarren finalaurrekoa hurrengo larunbatean, otsailaren 23an jokatuko da, Lekunberriko kiroldegian, arratsaldeko 18:00etan. Iñigo Olaetxea, Joxe Juan Zubieta “Etxabe”, Julio Soto, Oskar Estanga, Aritz Saragueta eta Xabier Legarreta ariko dira. Hirugarren finalaurrekoa martxoaren 1ean jokatuko da Berako Kultur Etxean, arratsaldeko 18:00etan: Jon Barberena, Migel Mari Elosegi, Eneko Lazkoz, Jon Elizetxe, Juan Mari Lopez eta Ander Fuentes lehiatuko dira finalerako txartel baten bila.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun