Bidasoa zaintzeko neurriak aurkeztuko dira otsailaren 25ean Bertizen

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 15a

Bidasoako Foroaren partehartze prozesuan adostutakoak dira

Joan den urtean egin zen Bidasoako Foroaren Partehartze Prozesuan, Bidasoa ibaia hobetzeko eta zaintzeko zenbait neurri adostu ziren. Neurri hauek jendaurrean aurkezteko jardunaldia izanen da otsailaren 25ean Bertizko Natur Parkean eta egun horren antolaketan buru belarri ari da Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren menpe dagoen Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroa edo CRANA erakundea.

63 neurri ezberdin

Aipatu bezala, joan den urtean, Nafarroako Uraren Foroaren bitartez, Bidasoa ibaiaren egoera aztertzen aritu dira gobernua, mankomunitateak, Herriko Etxeak, arrantzaleak, baserritarrak, ekologistak, enpresariak eta gizarte erakundeak. Bidasoak dituen azaro nagusiak identifikatu eta horiek moldatu ahal izateko 63 neurri ezberdin proposatu dituzte. Neurri hauek akordio maila handia lortu dute eta Forotik administrazio ezberdinei jakinaraziko zaizkie, etorkizunean eginen den Bidasoa Arroaren Plan Hidrologikoan kontuan har ditzaten.

Erran bezala, aurkezpen jardunaldia otsailaren 25ean eginen da, Bertizsko Natur Parkean, baina bertan parte hartu ahal izateko otsailaren 22a baino lehen eman behar da izena. Horretarako, CRANA erakundeak 948 136587 telefono zenbakia, 948 123235 fax zenbakia eta agua@crana.org helbide elektronikoa ditu interesatuen eskura. Aurkezpen jardunaldi honen helburua, partehartze prozesuan adostutako neurriak agintariei aurkeztea da, baita prozesuan parte hartu ez duten erakundeei bertan egin den lanaren berri ematea. Arratsaldeko 18:00etan ekitaldiaren aurkezpena eginen du CRANA erakundeko Javier Asinek eta gero, Jose Mari Galarregi, Oieregiko alkateak hartuko du hitza. Segidan, Bidasoako Foroan parte hartu duten sektore publiko, lantegi eta gizarte erakundeetako bozeramaileen txanda izanen da. Baztan-Bidasoaldeko udal erakundeetako ordezkari batek ere solastuko du eta Espainiako Iparraldeko Ur-Konfederazioko ordezkariak itxiko du solasaldien txanda. Arratsaldeko 19:00ak aldera, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko ordezkari batek eginen du itxiera ekitaldia eta gero, partehartzaileek, afari-berendua izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun