Eskualdeko hiru bikote izanen dira Nafarroako paleta-goma txapelketaren finalerdietan

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 15a

Lehen mailan, Rodriguez eta Almandoz lesakarrak kanpoan gelditu dira

Nafarroako paleta goma txapelketako lehen eta bigarren mailako finalerdiak jokatuko dira asteburu honetan eta bertan, eskualdeko hiru bikote izanen dira.

Lehen mailan, Antxordoki eta Telletxea bakarrik sailkatu dira

Halere, ezusteko bat ere izan da finalerdien osaketan. Joan den astean, lehen mailan eskualdeko bi bikote izanen zirela aipatu genuen, ligaxkako lehen bi partidak irabaziak baitzituzten Iñigo Rodriguez eta Josu Almandozek eta Guillermo Antxordokik eta Imanol Telletxeak. Tamalez, Iñigo eta Josuk ligaxkako azken partida galdu egin zuten, eta beraien taldean hiru bikotek enpate egin zuten. Hau da hiruek bina partidu irabazi zituzten, eta tanteoarengatik lesakarrak finalerdietatik kanpo gelditu dira. Guillermo Antxordokik eta Imanol Telletxeak, berriz azkeneko partidua galdu zuten bainan halere, bigarren izan dira beraien multzoan eta larunbat honetan finalerdia jokatuko dute Calvo eta Alzuetaren kontra.

Baztango derbya bigarren mailako finalerdian

Bigarren mailan berriz, eskualdeko bi bikoteek elkarren kontra jokatuko dute finalerdia igande goizean. Arizkungo Joseba Oskarizek eta Oronozko Carmelo Behrok ligaxkako partida guziak irabazi dituzte eta lehen postua lortu dute, Iruritako Cesar Iñarrea eta Guillermo Etxenikek ligaxkako azken partidua irabazi eta bere taldeko bigarren postua eskuratu dute. Beraz, finalerdian Baztango derbya jokatuko da: Oskariz eta Berho, Iñarrea eta Etxenikeren kontra eta bigarren mailako finalean eskualdeko ordezkari bat izanen dela segurtatua dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun