Greba deialdiak erantzun eskasa izan du lantegi handienetan

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 14a

Lesakako komertzioen %80ak itxi du goizean, LABeko datuen arabera

Ezker Abertzaleak Euskal Herri osorako greba deialdia egina zuen gaurkorako, azken legez kanporatzeak eta atxiloketak salatu asmoz. Greba deialdi honekin bat egin du LAB sindikatuak. Eskualdean izan duen erantzuna aunitz aldatu da eskualdeen eta lan arloen arabera, eta aipatzekoa da, Guardia Zibilak hurbiletik zaindu dituela mobilizazio guziak.

Lantegi handietan eragin eskasa

LAB sindikatuko iturriek aipatu digutenez, grebak erantzun eskasa izan du Bortzirietako lantegi handienetan. Errate baterako, Lesakako Arcelorren langileen %15 inguruk egin du greba, Funveran eta Zalaingo Condesan ere langile batzuk gelditu dira, baina makinek lanean segitu dute eta produkzion ez du eragin grebak. Komertzioei dagokienez, Lesakan %80 inguruk bere ateak itxi ditu goizean, Beran denden erdiak ez omen dituzte ateak zabaldu eta Baztango komertzioan eragin guttiago izan du grebak. Ikastetxeei dagokienez, publikoek ordubeteko geldialdiak egin dituzte. Lesakako Tantirumairu ikastolan ez dute klaserik izan gaur, grebarekin bat eginez.

Greba deialdiaz gain, mobilizazioak ere egin dira ortzegun eguerdiko 12etan Bera, Lesaka eta Elizondoko plazetan. Aipatzekoa da guzietan, guardia zibilak eragozpenak jarri dituela. Elizondon, errate baterako, ez dute 20 lagun baino gehiago pankartaren gibelean jartzea. Horregatik, hogei lagun horiek pankartarekin egon dira plazan eta gainerakoek,giza-katea osatu dute Elizondoko karriketan barna. Azkenean, 150 bat lagun bildu dira Elizondoko plazan. Beran ehun bat lagun bildu dira Herriko Etxeko plazan eta pankarta zeramatenak identifikatu ditu guardia zibilak. Horretaz gain, isuna jasoko dutela ere jakinarazi zaie. Lesakan bertze ehun bat lagunek elkarretaratzea egin dute Plaza Zaharrean eta hemen ere, pankarta kontzen zutenak identifikatu ditu guardia zibilak.

Arratsaldeko 7etan elkarretaratzean Elizondon eta Lesakan

Arratsaldeko 7etan ere elkarretaratzeak eginen dira Elizondo eta Lesakako plazetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun