Greba orokorrera deitu du ortzegunerako ezker abertzaleak

TTIPI TTAPA 2008ko ots. 13a, 15:41

Greba orokorrarekin «azken legez kanporatzeak eta atxiloketak» salatu nahi ditu

Greba orokorrarekin «azken legez kanporatzeak eta atxiloketak» salatu nahi ditu Ezker abertzaleko hainbat ordezkarik «azken legez kanporatzeak eta atxiloketak» salatzeko otsailaren 14rako greba orokorrerako deia egin zuten joan den igandean, Bilbon egindako prentsa agerraldian. Han bildutako ezker abertzaleko kideen artean, bertzeak bertze, Karmelo Landa, Karmele Aierbe eta Mikel Etxaburu Batasuneko Mahai Nazionaleko kideak zeuden. Prentsa agerraldia egin ondoren, Garzon epaileak atxilotzeko agindua eman zuen, eta beste hamaika ezker abertzaleko kiderekin batera atxilotu zituen Espainiako Poliziak.

«Salbuespen egoera»

Prentsaurrean adierazitakoaren arabera, Euskal Herriak salbuespen egoera bat pairatzen du, eta horri aurre egiteko, greba orokorra egitera deitu dituzte herritarrak. Ildo beretik, «jarrera sendoa» izateko garaia dela, eta nahiz eta legez kanporatzeak eta atxiloketak pairatu, ezker abertzaleak «borrokan tinko» segituko duela gogorazi zuten Ezker Abertzaleko kideek. Gainera, euskal mugimendu independentistarekin bukatzea ezinezkoa dela ere azpimarratu zuten.

Mobilizazioak Beran, Elizondon eta Lesakan

Greba deialdi honekin bat egin du LAB sindikatuak. PSOEk aurrera daraman «errepresio basatiak» hauteskundeak irabazteko balio diezaiokeela dio LABek, baina konponbide demokratikora hurbiltzeko traba besterik ez dela iruditzen zaio. Amnistiaren aldeko Mugimenduak ere bat eginen du huelgarekin. Greba deialdiaz gain, mobilizazioak eginen dira ortzegun eguerdiko 12etan Bera, Lesaka eta Elizondoko plazetan. Arratsaldeko 7etan ere elkarretaratzeak eginen dira Elizondo eta Lesakako plazetan.

Aralarrek ez du bat eginen

Aralarrek, bere aldetik, biharko greba orokorrerako deialdiarekin ez duela bat eginen jakinarazi zuen Jon Abril bozeramaleak.. Haren ustez, «akats larria da grebaren baliabidea modu horretan erabiltzea, adostasunik eta batasunik gabe». Hala ere, Aralar kalera aterako dela jakinarazi zuen, «gerra honen gainetik oinarrizko askatasun demokratikoen urraketa modu baketsuan salatzera». UGT sindikatuak ilegaltzat jo du greba eta ez du bat eginen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun