Doneztebeko Erreka elkarteak seigarren aldiz antolatu duen eskuz binakako txapelketa guziak erabakiak gelditu dira. Kategoria ttikienetakoak, benjamin eta alebin mailakoak falta ziren zehazteko eta igande honetan, otsailaren 10ean jokatu ziren finalerdiak Donezteben. Honela, alebin mailan, Burlatako Zugarralde elkarteko Noval eta Larunbek 18 eta 11 irabazi zieten elkarte bereko Eransus eta Orriori. Bertze finalerdian ere emaitza berbera errepikatu zen. Zugarraldeko Arano I.ak eta Sarasak 18 eta 11 irabazi zieten Leitzako Aurrerako Eskudero eta Azurmendik. Gauzak honela, Zugarraldeko hiru bikote zeuden finalaurrekoetan eta horietako bi ariko dira alebin mailako finalean: Noval eta Larunbe, Arano I eta Sarasaren kontra.
Benjamin mailan ere Zugarraldeko bi bikote ailegatuak ziren finalerdietara, baina horietako bakarra izanen da martxoaren 8ko finalean. Izan ere, Zugarraldeko Eskiroz eta Agirre II.ak 18 eta 7 irabazi zieten Irungo Kurpil Kirolakeko Pagola eta Zeliguetari. Bertze finalerdian, ordea, Arrasateko Murua eta Moron II.ak 18 eta 14 irabazi zieten Zugarraldeko Arano II eta Mugirori.
Finalak, martxoaren 8an goiz eta arratsaldez
Hain zuzen, benjamin mailako finala, Eskiroz eta Agirre II, Murua eta Moron IIaren kontra, izanen da martxoaren 8an, Donezteben jokatuko den lehenbizikoa. Goizeko 11etan hasiko da jaialdia eta benjaminen ondotik, alebin mailakoa jokatuko da. Goizeko hirugarren eta azken partidan, infantil mailako finala jokatuko da: Etxarri Aranazko Gure Pilota Elkarteko Murgiondo eta Lasa, Oiartzungo Oiarpe elkarteko Sarasti eta Basasororen kontra.
Senior mailakoak arratsaldean
Errekako txapelketa honetan parte hartu duten pilotari eta laguntzaileek bazkaria izanen dute gero Doneztebeko Santamaria jatetxean eta arratsaldeko 4:30etik aitzinera jokatuko dira bertze finalak. Lehenik, kadete mailakoa jokatuko da. Txarutako Beñat Oronoz lesakarrak eta Ibai Juanena oiztarrak, Zugarraldeko Iribarren eta Etxamendiren kontra jokatuko dute. Ondotik, jubenil mailako finala jokatuko dute Aurrerako Jon Jaunarena leitzarrak eta Arbizuko Bergerak, Goizuetako Umore Onako Oier Apezetxea eta Txarutako Xabier Madariaga urroztarraren kontra. Gero, senior mailako bi finalak jokatuko dira. Bigarren mailakoan, Errekako bi bikote izanen dira aurrez aurre: Imanol Mitxelena aranztarrak eta Mikel Iriartek, Anguita eta Joseba Madariaga aranztarraren kontra jokatuko dute. Elite mailakoan, azkenik, Mololo Irigoien lesakarrak eta Unai Iparragirre leitzarrak, Tolosako Aurrera Saiaz elkarteko Renobales eta Galarragaren kontra jokatuko dute.