Ortzegun eguerdian berriz ere itxiko dute N-121A errepidea ordu erdi batez

TTIPI TTAPA 2008ko ots. 12a, 16:18

Endarlatsa eta Bera artean, leherketak direla eta

Nafarroako Gobernuko Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak jakinarazi duenez, aste honetan, bi egunez erabat moztuko da N-121A errepidea, Bera eta Endarlatsa artean, leherketak egin behar direlako. Lehendabiziko mozketa astelehenean, otsailaren 11n egin zen, eguerdiko 12:00ak eta 14:00ak artean ordu erdiz, 68,200 eta 68,500 errepide tartean. Ortzegunean, otsailaren 14an ere, ordutegi berean, bertze ordu erdi batez, erabat itxiko da bidea, 70,350 eta 70,650 kilometroen artean.

Gainera, egunero bezala, hainbat zatitan txandakako pasabidea emanen da errepide honetako obrengatik, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 19:00etara. Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea.

Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun