Amoarrain gutti dagoelako, Nafarroako iparraldeko erreketan euren arrantza debekatzea erabaki du Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak. Batetik, «arriskua duen apustu politikoa», eta bertzetik, «jendearen gustukoa ez den neurria» dela onartu du Begoña Sanzberro Ingurumen kontseilariak Nafarroa erreketan amoarrainen krisiari aurre egiteko eman duen Foru Aginduaren harira. Debekua da planteatutako neurrien artean eztabaidatsuena, eta Nafarroako erreketako 1.161 kilometrotan du eragina, baina ez neurri bakarra. Hala nola, ibaien kontrola haunditzea, ibaien habitata hobetzea, debekualdiak arautzea, bertako amoarrainarekin birpopulatzea, arrantzatu daitezkeen espezie kopurua haunditzea eta izokin arrantzarekin lotutako ekimenak garatzeaz ere mintzo da. Orain amoarrainen arrantza debekatzen ez bada, gerora espezie babestu izatera pasa daitekeela uste du Sanzberrok. Neurria, ordea, ez da arrantzaleen gustukoa. «Krisia politika txarraren eta lertxunen ondorioa» dela nabarmendu digu Jose Mª Mitxelena Berako arrantzaleak, eta hartzen diren erabakiak beti «arrantzaleen kontrakoak» direla.
«Politika txarraren eta lertxunen ondorio»
Nafarroako erreketan amoarrain kopuruaren gainbehera ikaragarria izan omen da azken urteotan eta horri aitzin egiteko asmoz dator Sanzberro kontseilariaren otsailaren 5eko Foru Aginduak. Plangintza berri horrekin batera, amoarrainak arrantzatzea debekatu du Gobernuak. Hala ere, neurri «puntuala» izanen omen da, bizpahiru urte iraunen dituena. Eta behin amoarraina «berreskuratzean» berriz ahalbidetuko omen dute arrantza. Arrantzaleen ustetan, ordea, berandu erreakzionatu du Gobernuak. Bide hori «arrantzaleen kontrako» dela erran digu Mitxelenak, eta arazoaren jatorrian bi puntu nabarmendu dizkigu: Nafarroako Gobernuaren «politika txarra» eta lertxunek egunean kilo erditik goiti amoarrain jaten dituztela. «1970ko araudiarekin errekei lagundu egiten zitzaien, Bidasoa, Artikutzako erreka eta Urumearen Nafarroako aldean milioika arraultza eta amoarrain ttiki botatzen ziren. Baina duela 18-20 bat urte Gobernuko teknikariak bertze bidea hartu zuen, errekak euren gisara utzi behar zirela erran zuen, eta ez zitzaiela lagundu behar. Birpopulazioa alde batera utzi zen eta urtetik urtera beherantz egin du kopuruak». Horrez gain, Mitxelenaren arabera, «lertxunak garbitzen ez baditugu, ez dago deus egiterik».