Larretxeatarrak Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketetako finaletan izanen dira

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 12a

Elite mailan, Donatok Atutxarekin lortu du txartela eta gazte mailan, Oihan eta Garikoitz lehengusuek

Donato Larretxea eta Aitzol Atutxa bizkaitarra ziren igandean, otsailaren 10ean, Getxon jokatu zen Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketako lehen finalerdia irabazteko faboritoak, eta beraiek lortu zuten finalerako txartela, nahiz eta lan aunitz egin behar izan zuten Nazabal eta Mugertza II.a mendean hartu ahal izateko. Getxon jende dezente batu zen lehen finalerdia zuzenean ikusi ahal izateko. Sei proba egin behar zituzten, eta guztira denborarik guttien behar zuten aizkolariek lortuko zuten garaipena, orain arte egin den moduan. Hasteko, zeinek kolpe guttiagotan 45 ontzakoa moztu neurtu ziren. Aizkolari bakoitzak, enbor erdia erdibitu behar zuen. Larretxeak eta Atutxak hortxe lortu zuten lehen garaipena, enborra 32 kolpetan moztu baitzuten. Bost gehiago behar izan zituzten Nazabalek eta Mugertza II.ak.

Berdintasun handia

Segidan, bi 45 ontzako moztu behar zituzten bikoek, bakoitzak bana, eta hortxe heldu zen Etxarrikoaren eta Mutrikukoaren lehen garaipena, nahiz eta segundo bakar bat bakarrik lortu zuten. 1.29 izan zen beraien denbora, eta 1.30 aurkariena. Hirugarren lanean, zutik txanda librean, oinbikoa moztu behar izan zuten, eta Nazabalek eta Mugertzak irabazi zuten, eta lehian ere aitzinetik paratu ziren. Lau minututan bota zuten egurra, eta 21 segundo gehiago behar izan zituzten aurkariek. Lan honetan, ordea zaintiratu txiki bat izan zuen Nazabalek, eta horrek gerora arazo batzuk sortu zizkion. Laugarren lanean, bi kana-erdiko moztu behar zituzten, bat zutik, eta bertzea etzanda, biko bakoitzetik bakoitzak bana moztu behar zuen. Larretxeak eta Atutxak lortu zuten proba horretako garaipena. 3.20 izan zen beraien denbora, eta sei segundo gehiago behar izan zituzten Ugaitzek eta Florenek. Bosgarren ekinaldian, txanda librean 80 ontzako enborra erdibitu behar zuten. Enbor hau ez da lehiaketetan normalean erabiltzen, eta Urrezko Aizkora da ikusteko aukera bakarrenetakoa. Donatok eta Aitzoiek irabazi zuten proba hau, nahiz eta aldea ez zen handia izan. 4.09 izan zen beraien denbora, eta zortzi segundotako aldea atera zioten bertze bikoteari.

Txanda librean, Donato eta Atutxa nagusi

Norgehiagoka akautzeko txanda libreko proba luzea bakarrik gelditzen zen. Hor, bikote bakoitzak, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituen. Lehia ona izan zen, baina Nazabalek zituen arazoek ez zioten utzi bere lana behar bezala egiten, eta horrek bidea erraztu egin zien Larretxeari eta Atutxari. Hasieratik aldea hartu zuten, eta horri eutsiz, aitzinetik ailegatu ziren bukaerara. Horrekin batera, finalean izateko txartela segurtatu zuten. Lan hau burutzen, 10 minutu eta 26 segundo behar izan zituzten, eta Ugaitzek eta Florenek, berriz, 11 minutu eta 16 segundo. Azkenean, proba guziak egiteko, 24 minutu eta 18 segundo behar izan zituzten Larretxeak eta Atutxa II.ak. 25 minutu eta bost segundo, berriz, Mugertza II.ak eta Nazabalek. Beraz, Donato eta Aitzolek, martxoaren 1ean Azpeitian jokatuko den finalerako txartela lortu dute. Aitzinean zein izanen dituzten jakiteko bertze astebete espetu beharko dute, orduan jakingo baitute Izarraitz pilotalekuan aurrez aurre izango dituztenak zein diren. Bertze finalerdi horretan, Lopez eta Vicente Arrospideren eta Aierbe II.aren aurka neurtuko dira. Norgehiagoka estua iragartzen da, faborito argirik gabekoa.

Gazte mailan, Oihan eta Garikoitz bikain

Igandean, Getxon gazte mailako lehen finalerdia ere jokatu zen, eta Larretxea lehengusuak lortu zuten martxoaren 1ean Azpeitian jokatuko den finalerako txartela. Oihan eta Garikoitz Larretxeak, beratarrak eta arraioztarrak, Julen Kañamares eta Rodriguez II.a zituzten aurrez aurre, eta irabazleek 18 minutu eta 16 segundotan burutu zituzten egin beharreko lan guztiak, eta aurkariek, aldiz, 19 minutu eta 37 segundotan.

Finalak martxoaren 1ean Azpeitian

Beraz, martxoaren 1ean Azpeitian jokatuko den finaleraan hiru Larretxeatar izanen dira: Donato Larretxea elite mailan eta Oihan semea eta Garikoitz iloba (Patxiren semea), gazte mailan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun