Malerrekako Agenda 21eko foroaren bigarren bilkura asteartean eginen da Donezteben

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 11

Erakusketa Aretoan, arratsaldeko 7etan, kultura, kirola, euskara, hezkuntza eta gizarte zein osasun zerbitzuez solasteko.

Abian dira dagoeneko Malerrekako Agenda 21aren foroak. Lehena urtarrilaren 22an egin zuten Donezteben eta lurraldea, hirigintza, ingurumena eta ingurumen arloak eta mugikortasuna izan zituzten hizpide. Herri gehienen parte hartzearekin 32 lagun bildu ziren eta atalez atal herrien arazo eta erronkak aztertu zituzten.

Etxebizitza eskasia eta garestia

Lurraldea eta hirigintzaren inguruan, kudeaketan dagoen gabezia azpimarratu zuten, eta eskualdean antolamendu eza nabari dela. Horri aitzin egiteko, udalen arteko lankidetza ezinbertzekoa zela iritzi zioten. Etxebizitza eskasia eta garestiak izatea ere aipatu zuten, batez ere Babes Ofizialeko Etxebizitzak behar direla. Lur ez urbanizagarrian etxeak egiteko joera kontrolatu behar omen da, baita etxebizitza hutsei irtenbidea bilatu ere. Kirol eta kultur instalazioen falta ere nabaria dela erran zen, eta dagoena Donezteben biltzeko joera dagoela. Interneten banda zabalaren beharra ere nabarmendu zuten.

Ingurumenaz kezka

Ingurumenaz aritu zirenean, zenbait mendi eta erreketan dagoen zikinkeriari aitzin egin behar zaiola aipatu zuten bildutakoek, eta horrez gain, baliabide naturalak hobeki aprobetxatu behar direla. Herritarrek ondare naturalaren inguruan duten kontzientzia ere eskasa omen da. Ura, hondakinak eta energia bezalako ingurumen arloez ere mintzatu ziren. Guztietan kudeaketa hobetzearen beharra azpimarratu zuten, eta uraren kasuan, hornidura bermatzeko dagoen beharra, Gaztelun garai jakinetan dagoen eskasia, adibidez.

Autoa hartzera behartuak

Azkenik, mugikortasuna izan zuten hizpide. Arlo honetan gabezia agerikoa da, garraiobide publikorik ez egoteak autoa hartzera behartzen baititu herritarrak. Horri irtenbidea ematea egokia litzateke, bildutakoen iritziz.

Bigarren bilkura otsailaren 12an Donezteben

Bigarren bilkura astearte honetan, otsailaren 12an eginen da Doneztebeko Erakusketa Aretoan, arratsaldeko 7etan, kultura, kirola, euskara, hezkuntza eta gizarte zein osasun zerbitzuez solasteko. Azken foroa otsailaren 28an eginen da, toki eta ordu berean. Hirugarren bilera horretan, ekonomiaz eta tokiko eta eskualdeko kudeaketaz arituko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun