Lopez eta Legarreta nagusitu dira Nafarroako Bertsolari txapelketako lehen saioetan

Utzitako argazkiak 2008ko otsailaren 11

Juan Mari Lopez lesakarra izan zen onena ortziralean Leitzan egin zen saioan. TTIPI TTAPA

Leitza eta Iturendik Riaño, Terreros eta Fuentesek ere lortu dute finalaurrekoetarako txartela

Asteburu honetan jokatu dira 2008ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bi kanporaketak, ostiralean Leitzan eta larunbatean Iturenen. Lehenean Juan Mari Lopez nagusitu zen eta bigarrenean berriz Xabier Legarreta. Bi bertsolari hauez gain, beste hiru sailkatu dira finalaurrekoetara, lortutako puntuei esker: Xabier Terreros, Ander Fuentes eta Diego Riaño.

Leitzan beteranoa nagusi

Bi kanporaketetan bertsozaleen erantzuna aparta izan da, aretoak bete dituzte eta gozatu dute bertsolariek egindako lanarekin. Leitzan, ortziralean, ehundik gora lagunek Aurrera Elkarteko aretoa lepo bete zuten. Bost bertsolari gazte eta beterano bat aritu ziren Nafarroako Txapelketako lehen kanporaketan. Juan Mari Lopezek ez zuen iazko Txapelketan parte hartu, horrexegatik kanporaketetatik abiatu da aurtengoan. Lopezek bere esperientzia baliatu zuen, eta erregularrena izan zen, finalaurrekoetarako txartel zuzena eskuratuz. Bigarren postua etxean aritzen zen Diego Riaño leitzarrarentzat izan zen. Indartsu eta gogotsu hasi zen Riaño eta maila ona mantendu zuen saio osoan. Hirugarren postuan Aimar Karrika gaztearentzat izan zen; gorabehera batzuk izan arren, oso itxura ona eman zuen auriztarrak. Hiru horien gibeletik, tarteka urduriago ibili ziren Aleman, Astiz eta Iriarte sailkatu ziren.
Puntuazioa honela gelditu zen:
Juan Mari Lopez: 248,5 puntu;
Diego Riaño: 232
Aimar Karrika: 225,5
Iñaki Aleman: 214,5
Ekaitz Astiz: 204
Iker Iriarte: 193

Legarreta eta Terreros nor baino nor Iturenen

Iturenen larunbatean egin zen bigarren kanporaketa. 120 lagun inguruk Iturengo Udaletxeko ganbara bete zuten. Nafarroako Txapelketako bigarren kanporaketa lehena baino biziagoa izan zen. Jendeak gozatu egin saioarekin eta etxekoak animatu zituen. Azken orduko arazo bat dela medio, Garazi Tabernak ez zuen parte hartzerik izan kanporaketan; haren ordez, 15 urteko Joar Tainta gaztea aritu zen, txukun baino hobeto egin zuen ezusteko estreinaldia Txapelketan. Gainerakoan, saio osoan zehar lehia bizia izan zen Xabier Legarreta aranoar eta Xabier Terreros lesakarraren artean. Azkenean, lehena atera zen garaile, baina oso estu, puntu t´erdiko aldea baino ez zen izan bien artean. Saio erregularra egin zuten bi bertsolariok eta puntuetan Leitzako kanporaketan kantatu zuten bertsolarien gainetik ibili ziren. Ander Fuentesek eman zuen sorpresarik atseginena. Zubietarrak bere lehen parte-hartzea du kanporaketan eta egindako saio onari esker lortu zuen finalaurrekoetarako txartela. Azkenik, etxean aritu ziren Alazne Untxalo eta Iker Gorosterrazu iturendar gazteak atzetik gelditu ziren, baina puntuazio polita lortuz. Honela gelditu zen puntuazioa:
Xabier Legarreta: 252,5
Xabier Terreros: 251
Ander Fuentes: 230,5
Alazne Untxalo: 220
Iker Gorosterrazu: 215,5
Joar Tainta: 215,5

Lehen finalaurrekoa izanen da hurrengo saioa

Iruñeko Txantrean jokatuko da otsailaren 16an, Ama Salestarren aretoan, arratsaldeko 18etatik aitzinera lehenbiziko finalaurrekoa. Honako bertsolariak arituko dira: Erika Lagoma, Julen Zelaieta, Bittor Elizagoien, Oier Lakuntza, Xabier Terreros eta Diego Riaño. Bigarren finalaurrekoa otsailaren 23an, larunbatean, eginen da Lekunberriko kiroldegian, arratsaldeko 6etatik aitzinera. Iñigo Olaetxea, Joxe Juan Zubieta , Julio Soto, Oskar Estanga, Aritz Saragueta eta Xabier Legarreta ariko dira. Hirugarren finalaurrekoa martxoaren 1ean, larunbatean, jokatuko da Berako Kultur Etxean, Arratsaldeko 6etan. Jon Barberena, Migel Mari Elosegi, Eneko Lazkoz, Jon Elizetxe, Juan Mari Lopez eta Ander Fuentes ariko dira. Finalean, zortzi bertsolari onenak ariko dira, Elizondoko Lur dantzalekuan, martxoaren 15ean, arratsaldeko 5etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun