Bortzirietako eskuz banakako txapelketaren finalak jokatu ziren

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 11

95 pilotarik hartu dute parte eskuz banakako zazpigarren txapelketan. TTIPI TTAPA

Berako Eztegara pilotalekuan ilbeltzaren 26an

Ilbeltzaren 26an jokatu ziren Berako Eztegara pilotalekuan Bortzirietako eskuz banakako zazpigarren pilota txapelketako finalak. Denetara 95 pilotarik parte hartu dute txapelketa honetan, bederatzi kategoria ezberdinetan banatuak.

Ttikiak A mailan

Gure Txokoako bi pilotariren arteko finala jokatu zen. Mikel Eltzaurdiak 18 eta 13 irabazi zion Yago Canterori, partida polit baten ondotik. Aipatzekoa da biek bikotea osatu zutela eskuz binakako txapelketan eta txapeldun atera zirela. Beraz, Eltzaurdiak binakako nahiz banakako txapela jantzi ditu eta Yago, txapeldun izan da binaka eta azpitxapeldun banaka.

Ttikiak B mailako partidan

Berriz, Lesakako Arkupeko bi pilotariren arteko lehia ikusi zen. Jorge Agirrek 18 eta 8 irabazi zion Jon Leizari.

Umeak B mailan

Partida ikusgarria eskaini zuten Igantziko Biltokiko Enaitz Telletxeak eta Etxalarko Altxatako Andoni Iribarrenek. Azkenean igantziarra nagusitu zen, 18 eta 10. Aipatzekoa da Enaitz Telletxeak berez dagokion adinari baino kategoria bat goitiago aritzen dela eta halere txapela lortu duela.

Umeak A mailan

Igantzira joan zen txapela. Biltokiko Oihan Canabalek 18 eta 14 irabazi zion Gure Txokoako Peio Migelenari. Honela, binakako txapelketan bezala, banaka ere azpitxapeldun izan da Migelena.

Kimuak B mailan, Lesakako Arkupeko bi pilotariren arteko norgehiagoka polita ikusi zen. Azkenean Aitor Altzugaraik 18 eta 14 irabazi zion Ander Legasari. Honela, Altzugarai binaka azpitxapeldun izan ondotik, buruz buruko txapelarekin joan zen etxera.

Kimuak A mailan partida gogorra Kimuak A mailan ere ikuskizun ederra eskaini zuten Berako Gure Txokoako Beñat Mitxelenak eta Igantziko Biltokiko Unai Telletxeak, bi pilotalari hauek aurrez aurre aritzen diren bakoitzean bezalaxe. Beñat Mitxelenak 18 eta 12 irabazi zion azkenean Unai Telletxeari. Beñat Mitxelenak binakako txapela ere irabazi zuen eta buruz burukoa ere merezimendu osoz irabazi zuen.
Azkeneko hiru partidetan lesakarrak izan ziren txapeldun. Haurren mailan bi partidoak hagitz abudo akautu ziren.
Haurrak B mailan
Arkupeko Javier Maiak 18 eta 4 irabazi zion Etxalarko Altxatako Xabier Gallardoneri. Gallardon, eskuz binakako txapelketan bezalaxe, azpitxapeldun izan zen.

Haurrak A maila
finalean Arkupeko Unai Zamoranok 18 eta 4 irabazi zion Igantziko Biltokiko Adur Yanciri. Lesakako pilotaria azpitxapeldun izan zen binaka, baina buruz burukoan txapela lortu du.
Azken partidoan, kadete mailan, elkar ongi ezagutzen duten bi pilotalari lesakar aritu ziren nor baino nor, Josu Sanjurjo eta Mikel Maia. Sanjurjok 18 eta12 irabazi zuen. Aipatzekoa da, bi pilotari hauek elkarren kontra jokatu zutela eskuz binakako finala ere. Orduan Maia izan zen txapeldun eta Sanjurjo azpitxapeldun. Banakakoan, beraz, txapela buruz aldatu zen.

Finalak ikustera hurbildu zen jendea gustora zegoen pilotalariek eskeinitako ikuskizunarekin eta esku-zarta ederrak entzun ziren Eztegara frontoian goiz osoan. Finalak bukatu ondotik sari banaketa egin zen eta txapelketan parte hartu zuten guztiei oroigarria eman zieten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun