Lesakako Batzoki elkarteak antolatzen duen paleta goma txapelketatik ateratako lau bikote ari dira parte hartzen Nafarroako txapelketan. Dagoeneko finalerdietarako txartela lortua dute lehen mailako bi bikoteek, Antxordoki eta Telletxeak, eta Rodriguez eta Almandozek. Bigarren mailan ere, bi partidak irabazita Oskariz eta Berho finalerdietan daude eta azken jardunaldi honetan garaipena behar zuten Etxenike eta Iñarreak finalaurrekoetan sartzeko. Lehen faseko azken jardunaldia asteburu honetan jokatzekoa zen.
Urtarrilaren 26an, Iruñean, bigarren mailan, Etxenike eta Iñarreak 22 eta 30 galdu zuten Etxarte eta Esparzaren kontra, baina Oskariz eta Berhok 30 eta 28 irabazi zieten Garate eta San Martini. Lehen mailan, berriz, Guillermo Antxordoki igantziarrak eta Imanol Telletxea lesakarrak, 30 eta 18 irabazi zieten Blasco eta Zubiriri. Iñigo Rodriguez eta Josu Almandoz lesakarrek, berriz,doi-doi, 30 eta 29 irabazi zieten Celorrio eta Lladori.
Otsailaren 2an Lesakan, bigarren mailan, Oskariz eta Berhok 30 eta 12 irabazi zieten Perez eta Espinali eta Etxenike eta Iñarreak 30 eta 16 irabazi zieten Simon eta Lorenteri. Lehen mailan, Antxordoki eta Telletxeak 8an utzi zituzten Paris eta Lopez eta Rodriguezek eta Almandozek 30 eta 25 irabazi zieten Merindano eta Sanchezi.