Malerrekako VI. eskuz binakako txapelketako finalista guztiak erabaki dira

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 11

Alebin eta benjamin mailako finalerdiak igande honetan jokatzekoak ziren

Doneztebeko Erreka elkarteak seigarren urtez antolatutako Malerrekako eskuz binakako pilota txapelketaren finalista gehienak erabaki dira. Alebin eta benjamin mailakoak joan den igandean jokatzekoak ziren. Final guztiak martxoaren 8an jokatuko dira Donezteben. Senior mailan bi partida jokatuko dira, ohi bezala: bigarren mailakoa eta elite mailakoa. Elite mailan, Aurrera Saizko Renobales eta Galarraga, Mololo Irigoien lesakarra eta Unai Iparragirre leitzarraren kontra ariko dira.

Bigarren mailan, Imanol Mitxelena eta Mikel Iriarte, Anguita eta Joseba Madariagaren kontra ariko dira. Gazteen kategorian Jon Jaunarena leitzarrak eta Bergerok, Umore Onako Oier Apezetxea eta Txarutako Xabier Madariaga izanen dituzte aurrez-aurre.

Kadeteen mailan, Txarutako bi bikote lehiatuko dira. Beñat Oronoz eta Iban Juanena alde batetik, eta Iribarren eta Etxamendi bertzetik. Infantil mailan, Etxarri Aranazko Gure Pilota elkarteko Murgiondo eta Lasak, Oiartzungo Oiarpe taldeko Sarasti eta Basasororen kontra jokatuko dute.

Alebin eta benjamin mailako kanporaketak koxka bat gibelerago daude txapelketa honetan. Hala, asteburu honetan erabakitzekoak ziren finalerdiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun