Dominique Dufau notario eta herriko auzapez zenari omenaldi kartsua eskaini diote berriki Euskaltzaleen Biltzarrak, Euskaltzaindiak eta Herriko Etxeak. Henri Duhau euskaltzaleak liburu interesgarria plazaratu du berriki Dufau anaien biziaz. Dominiqueren bizia eta lana dira idazlanaren ardatz nagusia eta horiek izan ziren omenaldi eguneko solasgai garrantzitsuenak ere. Nahiz eta euskara ofiziala ez izan, notarioa zenak agiri andana euskaraz izkiriatu zuen. Bere lana eta kargua galtzeko arriskua hartu zuela ohartarazi zuen Duhauk. Beskoiztarrak lan sakona egin du eta hortan André Harisgain Gaxinto zenaren laguntza izan zuen. Gaxintoenean bazituzten Dufauk euskaraz idatzi zituen zenbait testu ofizial eta hau izan da lanaren oinarri. Euskarazko lehen testua San Blas Amotzeko kofradiaren arauena da. Keinua ederra da dudarik gabe San Blas laborarien patroina baita eta omenaldia saindu hunen egunean egin zelako, otsailaren 3an. Senpereko euskalkia aztertzeko baliagarriak dira Dufauren notario agiriak. Andres Urrutia euskaltzainburuari eta Bilbon notarioa denari biziki interesatzen zaizkio Dufauren lanak. Oroitarazi zuen ainitzek diotela euskarak ez duela tradiziorik zuzenbidean eta administrazioan. Dufauren lanek guziz kontrakoa frogatzen dute bere ustez. Euskarak historia ttiki eta laburra du agiri ofizialetan baina zerbait badela gogoratu zuen Urrutiak. Azpimarratu zuen Dufauk zerbitzua eskaini nahi ziela herritarreri, euskaraz osoki bizi zireneri. Idazlan hauek baliagarriak dira bere ustez gerora euskarazko zuzenbidea sortzeko eta finkatzeko. Holako ohiturarik ez dela izan hegoaldean oroitarazi zuen eta bere ustez baliteke testu gehiago agertzea Ipar Euskal Herrian. Omenaldian, hamarnaka euskaltzalek eta hiru notariok parte hartu zuten, Sanchette-Lannettek, Urrutiak eta Bessonartek.
Seaskaren alde
Igandean, 9. Irratsei irrati emankizuna eginen da Euskal Irratietan Seaskako Integrazioa Batzordea laguntzeko. Sei oreneko saioaren bidez 95 000 euro bildu nahi lituzkete 17 laguntzaile ordaintzeko. Badira jadanik zenbait urte Seaskako ikastoletan ahalmen urriko haurrak hartzen dituztela beren garapena laguntzeko. Buruilean hasi zen ikasturtean ahalmen urriko 18 haur dabiltza 12 ikastolatan, hauen artean bat Senperekoan. Iaz integrazio batzordeak 1200 lagunen eta 58 enpresen laguntza izan zuen. Aurten, Maialen Errotabehere Ezpeletako kantaria izanen da emankizuneko eta bestako laguntzaile nagusia. Irratsaioa goizeko 7etan hasiko da eta arratsaldeko oren batean bururatu.
Behartsuei laguntzeko
Azkaine eta Senpereko Appel Détresse elkarteak kamioi bat bidali du berriki hirugarren mundukoei laguntzeko, jantziz, eskoletako tresnez eta jokoz beterik,aldi honetan1 300 kilo.